Urrak Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala izango du igandean Azpeitian

Julene Frantzesena 2021ko mar. 12a, 16:30

Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finalak 12:00etan hasita jokatuko dituzte, ikuslerik gabe egingo den saioan. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno ariko dira harri-jasotzaileen finalean.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izango da igandean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Hain zuzen ere, urrezko harri-jasotzaileen eta aizkolarien finalak izango dira han, 12:00etan hasita. COVID-19aren pandemia dela eta, ikuslerik gabeko saioak izango dira.

Orain arte hamar harri-jasotzaile zortzi arroako hiru harrirekin aritu dira txapelketan lehiatzen, eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finalerako txartela horietako hiruk eskuratu dute: Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno. Igandean hiru minutuko txandan jaso beharko dituzte ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola.

Bestalde, bederatzi bikote aritu dira lehian Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketan, eta horietatik hiruk neurtuko dituzte indarrak asteburu honetako finalean: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza nahiz Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Hainbat lan egin beharko dituzte parte hartzaileek.