Zaporeak proiektuak deituta, esne bilketa egiten ari dira gaur herriko bost gunetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 13a, 10:09

Iñurritza Jubilatuen Elkartean, Iñurritza auzoko Biyona dendan, Santa Marina kaleko Eroskin, Lege Zaharren Enparanatzako BMn eta Euromarreko BMn ari dira egiten bilketak.

Zaporeak elkarteak esne bilketa masiboa antolatu du Hego Euskal Herrian. Batutako esnea Lesbosko (Grezia) Kara Tepe larrialdi-esparruan bizi diren errefuxiatuei bidaliko die, azaldu duenez, "pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu" egin baitira azken hilabeteetan.

Gipuzkoako beste hainbat  herritan bezala, Zarautzen ere gaur egingo dute esne bilketa. Horretarako, bost gune prestatu dituzte: Iñurritza Jubilatuen Elkartea, Iñurritza auzoko Biyona denda, Santa Marina kaleko Eroski, Lege Zaharren Enparanatzako BM eta Euromarreko BM. Zehazki, behi esne osoa jasoko dute, tetrabrik ontzietan. Azpimarratu dute garrantzitsua dela iraungitze data epe luzekoa izatea. Gune horietan Hotz Zarautz elkartekoak nahiz bestelako boluntarioak ariko dira esne bilketarekin laguntzen, egun guztian zehar. 

Zaporeakek jakinarazi du, bestalde, Lesbosko pertsona errefuxiatuei laguntzeko diru dohaintzak ere egin daitezkeela. Bizum bidez dirua helarazteko aukera badago, eta horretarako, Zaporeak profila bilatu beharko da Bizum aplikazioan (00435 da kodea). Banku transferentziak ere egin daitezke ondoko bi kontuetara: ES32 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank) edo ES71 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa).