Gutuna: 'Euskaldun onak Athleticekoak omen'

Maite Arruti 2021ko mar. 14a, 09:00

Gaizka Tokerok egindako azken adierazpenek aspaldian lokartua nuen bihotzerrea berpiztu didate. Bikarbonatoak ere ez du baretzerik lortu. Bere hitzetan: "Como buen vasco quiero que el Athletic Club gane las dos finales de la Copa del Rey". Bi ondorio atera genitzake adierazpen horretatik, bata, bera euskaldun ona dela, eta bestea, Athleticek irabazterik nahi ez duten gainerakoak ez direla euskaldun onak.

Betidanik egin zait afizioen arteko liskarra oso erakargarria, gure etxean, azken 40 urteetan, balearen jabetza Getaria eta Zarautzen artean txandakatzearen pareko (Zarauzkoa, zalantzarik gabe), jolas-eztabaidan, betiere. Bi aldeen arteko ika-mikak egundoko grazia ematen dit. Ez dit batere axola errealzaleon aurka esaten dituzten astakeriak, nik ere berdin egiten dudalako, batik bat. Eta hori guztia onartzen dut gai garelako, partida ondoren, zerbeza katxi bat hartzeko elkarrekin. Baina badaude gainditu ezin diren mugak, errealzaleon "euskaltasuna" kolokan jartzea kasu.

Gure aitak behin eta berriz esaten zigun berak ikusi zuela, bere bi begiekin, athleticzaleen autobusa nola pasa zen Zarauztik Atotxara bidean, derbia zela eta. Leihoetatik zintzilik pankarta higuingarria omen zeramaten: "los vascos saludan a los guipuzcoanos”. Makina bat barre egiten genion, izan ere, berezkoa zuen adarra jotzeko afizioari lotzen genizkion hitzok. Baina Tokeroren adierazpenek eman didate zer pentsatu.

Athleticeko jokalari izateko filosofiak harreman zuzena du Tokeroren hitzekin. Pentsamolde horren arabera, harrobian eta Euskal Herriko beste klubetan trebatutakoak izan daitezke Athleticeko jokalari, eta, jakina, baita bertan jaio diren jokalariak ere. Lehenengo baldintza eztabaidagarria litzateke, Bizkaikoak ez diren harrobietan drogadun karameloak eskaintzearena alegia. Azkenengoaren arabera, Santiago Abascal Athleticeko jolakaria izan zitekeen merezimendu osoz, baloi bati giza entendimentuari ematen dizkion adina ostiko ematen ikasi izan balu.

Hori horrela, euskal harrobietan trebatu edo euskalduna (edo "vasco") izatea ezinbestekoa da Atheticeko jokalari izateko. Premisa modura jarriko dut nahiko adostuta dagoela, nahiz eta hainbat iritziren korronteak zabuka ibiltzen gaituen, euskalduna izatea zer den, baita horrek gure hizkuntzarekin duen lotura zuzena ere. Baina zer da “vasco” izatea?

Nonbaitetik hasi behar bada, has gaitezen hemendik. 1979ko Euskal Estatutuaren arabera, Autonomia Erkidegoan jaiotako guztiek dute "vasco" izateko ohorea, eta urdinbre horretaz baliatzen da talde bizkaitarra bere ehunari eusteko. Oihal horren hariari tiraz gero, ordea, tresabian jaiotako oro (jainkoaren semea barne) behia litzateke. Ados horrekin, demagun olagarroa konpainia-animaliatzat onartzen dugula. Nik ez diot askan jaiotako horri bere "behitartasuna" ukatuko, baina, noizean behin bada ere, behiaren itxura ematea gustatuko litzaidake... ez dakit ba... isatsa mugitu... esnea eman dezakeen itxura egin... eta gehien gustatuko litzaidakeena: "Muuu"  egin marrua... noizbehinka... ahapeka bada ere.

Behar bada euskalduna eta vascoa izateko ekuazioari bilbainoaren aldagaia txertatu beharko genioke, aurreko biekin harreman zuzenik ez duena. Hor sartuko lirateke "egunon" esateko gaitasunik, asmorik eta itxurarik egiten ez dutenak (Athleticeko jokalarien gehiengoa, Errealetik joandakoak kenduz gero), eta horiek, noski, ezin dute besteen euskaltasunaren hierarkia-maila hobetu. Nik ez dut ukatuko Athleticekoak Errealekoak baino vascoagoak direnik, baina euskalduna izateko kategorian besteon maila gainditzeko "muuu" asko egin behar dute.

Tokero!… no me tokero…