Urrak irabazi du Urrezko Harrijasotze Txapelketa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 14a, 13:55

Mikel Lopetegi 'Urra', gaur eskuratutako txapelarekin. (Ibon Errazu)

Beñat Telleria izan da bigarren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu duten finalean, eta Inhar Urruzuno hirugarren. Bukatu berritan, "sufritutako garaipena" izan dela adierazi du Urrak. 

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izan dute gaur goizean. Urrezko Harrijasotze Txapelketako finala jokatu berri dute, eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarra atera da garaile. Bera zen faborito, eta ez du hutsik egin. Beñat Telleria eta Inhar Urruzunoren aurka neurtu ditu indarrak, eta, denera, 10.200 kilo altxata gailendu da zarauztarra. Bigarren Telleria izan da 9.500 kilo altxata, eta hirugarren Urruzuno, 8.900 kilo jasota. Harri txikien finala izan da gaurkoa: 100 kiloko hiruna harri jasotzen aritu dira kirolariak, kopa, kubikoa eta bola.

Bukatu berritan Urrak adierazi du "sufritutako garaipena" izan dela eskuratu berri duena; batez ere, harri kubikoa altxatzen sufritu duela azaldu du. "Gakoa lehen bi harrietan egon da. Telleriak harri kubikoan erritmoa jaitsi du, eta hor lortu dugu garaipena". Borobil atera zaio finala, eta "gustura" agertu da zarauztarra.