Ia 5.000 litro esne bildu dituzte Zarautzen Lesboserako

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 14a, 18:10

IƱurritzako Jubilatuen Elkartean pilatu zuten bildutako guztia. (Miren Uria)

Herriko bost gunetan Hotz Zarautz elkartekoak nahiz beste hainbat boluntario aritu ziren atzo lanean. Herritarrek deialdiari erantzun ona eman ziotela azaldu du Miren Uria boluntarioak.

Esne bilketa egin zuten atzo herriko bost gunetan Zaporeak proiektuak deituta, Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuentzat. Santa Marina kaleko Eroski supermerkatuan, Lege Zaharren Enparantzako BM-n, Euromarko BM-n, Iñurritzako Biyona dendan eta Iñurritzako Jubilatuen Elkartean jarri zituzten bilketa puntuak, eta herritarren borondateari eta atzo egun osoan zehar lanean aritu ziren boluntarioei esker, ia 5.000 litro esne bildu zituzten. Hotz Zarautz pertsona errefuxiatuen aldeko elkartekoak eta beste hainbat boluntario aritu ziren lanean atzokoan.

Gurutze Gorrikoek egin zituzten garraiolari lanak, eta Iñurritzako Jubilatuen Elkartean pilatzen joan ziren egunean zehar gainontzeko lau guneetan jasotako esnea. Han, paleetan txukun bildu zuten dena boluntarioek, eta laster jasoko dute bertatik bildutako esne guztia Zaporeakekoek. Miren Uria zarauztarra bertan aritu zen laguntzen atzo, eta azaldu du beste behin ere ondo erantzun diola deialdiari jendeak. Deigarria eta polita egiten zaio Uriari guraso gazte ugari bertaratu zela elkartera ume txikiekin, azaltzeko umeei zergatik ari diren egiten bilketa. "Atzo ere sartu ziren ikastola kanpoaldean jolasten zeuden umeak galdetzera, interesatzen zitzaien gaia". 

Gipuzkoako herri askotan egin zituzten atzo esne bilketak, eta oraindik zenbaketa osoa egin ez badute ere, Zaporeaken erronka zen lurralde osoan 23.000 litro biltzea. Zarautzen bakarrik ia 5.000 litroko bilketa eginda, finkatutako helmugara aise helduko direla uste du Uriak.