Onartuko al genuke zero COVID estrategia?

Felix Zubia/Berria 2021ko mar. 15a, 12:30

(Dorleta Agiriano Lai)

Zainketa intentsiboen unitatean lehen kasua izan zutenetik urtebete igaro den honetan kaleratu du artikulu hau Felix Zubia mediku zarauztarrak. Zero COVID estrategia izan du hizpide: "Medikuntzaren aldetik soilik begiratuta, estrategiarik onena litzateke, baina ez dakit gainerako faktoreek gure artean ezartzea posible egingo luketen". 

Aste honetan bete da urtebete gure zainketa intentsiboen unitatean lehen koronabirus kasua izan genuenetik, eta bitarte horretan, denetarik ikusteko aukera izan dugu. Duela urtebeteko leherketa, udara hasierako egoera ona, udarako neurrien lasaitzea eta lasaikeria, udazkeneko bigarren olatua, Gabon jaien ondorengo okertzea,... Orain datuak hobetu zaizkigun arren, kasuak ez direla guztiz desagertu ikusten da, eta badakigu ez direla guztiz desagertuko. Neurri hauekin, etengabeak izango dira tokian tokiko okertzeak, eta ondoren kasuen igoera etorriko da, berriz ere neurri gogorragoak eskatuko dituena. Hori guztia, noski, txertaketa modu zabalduan lortzen den bitartean.

Sorgin-gurpil honetatik irteteko modua, betiere txertaketa lortu bitartean, zero COVID estrategia bat ezartzea litzateke. Munduko hainbat tokitan egin da, Australia, Zeelanda Berria, Txina edo Vietnamen adibidez, eta emaitza oso onekin. Medikuntzaren aldetik soilik begiratuta, estrategiarik onena litzateke, baina ez dakit gainerako faktoreek gure artean ezartzea posible egingo luketen. Ez Europan, ez Amerikako kontinentean, ez da ezarri, eta zalantzak ditut gure egoera ekonomiko eta sozialak posible egingo lukeen. Argi gera bedi, beraz, lan hau ezjakintasunetik idatzia dagoela, eta berak dakarren umiltasunetik. Nik ez daukat erantzun ziurrik, baina eztabaida zilegi eta beharrezkoa iruditzen zait.

Zero COVID estrategiak hainbat oinarri ditu. Lehenik eta behin, kasuak desagerrarazi beharko genituzke, itxialdi labur baina zorrotz bat ezarriz. Horrekin, komunitatean transmisiorik ez dagoela ziurtatuko genuke, maiatz bukaeran genuen moduan bezala, adibidez.

Behin kasuak desagerrarazita, kanpoko pertsonen sarrera kontrolatu beharko genuke, eta datozen guztiei PCR probak eskatu, zenbait pertsonari berrogeialdiak ere ezarriz, kanpotik kasu berririk etorri ez dadin.

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu hemen