Hautsak harrotu ditu atzo Legution jokatzekoa zen batel jardunaldian gertatutakoak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 15a, 11:30

Artxiboko irudia.

Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia zen atzo jokatzekoa, baina lehia bertan behera utzi behar izan zuten anbulantzia falta zelako. Gertakari honen aurrean haserrea erakutsi dute arraun elkarteek. ZAEko bost ontzik parte hartu behar zuten jardunaldian.

Hasiera batean Getarian jokatu behar zen Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia, igandean –aurreko bi jardunaldiak ere ez dira jokatu–, baina iragarpenek itsaso zakarra izango zela ziotenez, kirol jarduera Legutioko urtegira eramatea erabaki zuen Gipuzkoako Arraun Federazioak. Arabako urtegira gerturatu ziren lurraldeko arraun elkarteak denboraldiari hasiera emateko. Baina, usteak ustel. Kirol jardueretan izan ohi den anbulantzia falta zen lehorrean, eta arrazoi horrengatik estropada bertan behera uztea erabaki zuen Gipuzkoako Arraun Federazioak. 

Epaileen araudiaren arabera, ezin da estropada ofizialik jokatu estropada eremuan anbulantziarik ez badago, beste hainbat kirol jardueratan gertatzen den bezala. "Ezin da txapelketarik egin lurrean anbulantziarik ez badago. Ez da arrauneko araudiak dioelako, kiroletako araudioak dioelako, baizik", azaldu zuen atzo Gipuzkoako Arraun Federazioko presidente Elias Arruebarrenak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan egindako elkarrizketan. 

Beste kirol jardueretan egin bezala, Ertzaintzari baimena eskatu behar zion Federazioak, baita anbulantzia bat bertaratzea ere. "Ertzaintza etorri da, baina anbulantzia ez. Deitu diegunean esan digute eskaera traspapelatu egin zaiela, eta ordurako denborarik ez zegoen beste anbulantzia bat lortzeko", gaineratu zuen presidenteak. Arruebarrenaren hitzetan, estropada jokatu ahal izateko klub batzuek ardura osoa beraien esku hartuko zutela esan zioten, baina berak, presidente bezala, ezin zuela hori onartu.

Estropada bertan behera uzteko erabakia ontzi batzuk dagoeneko uretan zeudela hartu zuten. Eta horrek haserrea sortu zuen klub batzuetan.

Zarautz Arraun Elkarteko bost ontzik parte hartu behar zuten atzoko jardunaldian; hain zuzen, bi ontzik haurren mailan, batek gizonezko kadeteen mailan, batek emakumezkoen jubenilen mailan eta beste batek gizonezko absolutu jubenilen mailan.