Mikel Lopetegi 'Urra': "Bagenekien lehen bi harrietan egongo zela gakoa"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 16a, 09:00

Urra ehun kiloko kopa altxatzen igandean. (Ibon Errazu)

Zarauztarrak 10.200 kilo jaso zituen Azpeitian jokatutako Zortzi Arroako Hiru Harrien Txapelketan. Aizkoran, Soroa-Amundarain bikotea eta Sorondo izan ziren txapeldun.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izan zen igandean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; izan ere, aizkoran eta harrijasotzen hainbat txapel egon ziren jokoan. 12:00etan hasita, lau final eta erakustaldi bat jokatu zituzten frontoian. Eskualdera etorri zen, gainera, txapeletako bat: Mikel Lopetegi, Urra harri-jasotzaile zarauztarrak irabazi zuen Zortzi Arroako Hiru Harrien Txapelketa. Urrak 10.200 kilo jaso zituen guztira. Bigarren sailkatu zen Beñat Telleriak, berriz, 9.500 kilo, eta Inhar Urruzunok, 8.900 kilo. Hiru minutuko txandetan ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola jaso behar izan zituzten harri-jasotzaileek.

Faboritoa zinen igandeko txapelketarako. Horrek gehiago animatzeko balio du, ala presioa handitzen du?
Presio handiagoa ematen du faboritoa izateak, galtzeko gehiago izaten duzulako irabazteko baino.

Telleriak gaizki samar bukatu zuen harri kubikoarekin egin beharreko lana. Horrek eman zizun abantaila? Bai. Bagenekien kubikoan geneukala arma. Hor atera behar genion abantaila, ez bagenion aldea ateratzen bolarekin gu baino gehixeago izango zelako Telleria. Kubikoan joan ginen txikitzera. Lehen bi harrietan, kopan eta kubikoan, abantaila lortu nahi izan genuen gero bolan lasaiago ibiltzeko. Lehen harriarekin 50na egin genuen, eta gero kubikoan ahal nuena egin nuen. Asko sufritu nuen nik, baina Beñat ez zen bere onenean egon.

Zergatik zen kubikoa gakoa?
Askorentzat kubikoa da teknika gehien eskatzen duen harria, eta askotan harri horrekin erabakitzen dira txapelketa asko.

Harri txikietan zara abila, txapelketa ugari irabazi dituzu. Aurrerantzean zer prestatzeko asmotan zabiltza?
Orain 25 kilo gehiagoko txapelketa antolatzeko ideiarekin dabiltza Urrezko Harrijasotze Txapelketa antolatu dutenak, eta horixe preparatu nahiko nuke. Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den.   Bestalde, bai, nik harri txikietan segitzeko asmoa daukat, harri handietan ez naiz-eta ikusten.

Zergatik?
90 kilo ditudalako nik, eta 200 kiloko edo gehiagoko harriekin txikitu eta izorratu egingo nintzateke. Berezia da kirolerako ere egungo egoera.

Publikorik gabe bada ere, ari zarete txapelketak eta plazak egiten, ezta?
Lehengo urtean egin genituen erakustaldi batzuk udaran jendearekin. Jende gutxirekin, baina egin genituen. Udazkenean ere txapelketa batzuk egin genituen, eta aurten jenderik gabe, baina hasi gara, eta hemendik aurrera kontua hobetzen joaten baldin bada, ez gara kexatuko, horren kirol txikia izanda txapelketak egiteko aukera badaukagu-eta.