Liga Nazionalerako igoera fasea jokatuko du Zarauzko emakumezkoen lehen taldeak

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 16a, 11:00

Zarauzko emakumezkoen futbol taldea (@ZarautzN ).

Martxoaren 27-28ko asteburuan ekingo diote igoera faseari, eta Athletic C, Eibar B, Elorrio eta Leioa izango ditu aurkari partida bikoitzera.

Zarauzko emakumezkoen lehen taldea Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzeko sailkatu da Euskal Ligako lehen fasean hirugarren postuan sailkatu ondoren. Guztira, hamasei neurketa jokatu ditu, eta bederatzi partida irabazi ditu, hiru berdindu eta lau galdu. Hain justu ere,  asteburuan garaipen batekin biribildu zuen lehiaketako hasierako fasea, Oiartzuni 1-0ekoarekin irabazita Astin.

Datorren asteburuan atsedena izango dute, baina martxoaren 27-28an ekingo diote Liga Nazionalerako igoera faseari. Oraingoz ez dute jakinarazi zein izango den igoera faseko egutegia, baina ondorengoak izango ditu aurkari: Athletic C, Eibar B, Elorrio eta Leioa. Zarautzen multzotik, Anaitasuna, Bizkerre B eta Erandioko Betiko Neskak taldeek lortu dute igoera faserako sailkatzea, baina horien aurka ez da lehiatuko, multzo berekoa aurretik jada elkarren aurka jokatu dutelako bi aldiz, etxean eta bisitari gisa.

Beraz, lehen fasean batutako puntuak kontuan hartuko dituzte igoera fasean. Puntu horiek, ordea, koefiziente baten baitan atera ditu Euskal Futbol Federazioak; izan ere, osasun egoeragatik beste multzoko talde batek uko egin zion liga jokatzeari, eta ondorioz, gutxiago izan dira jokoan egon diren puntuak beste multzoan. Koefizienteen arabera, bosgarren dago sailkatuta egun Zarautz. Liga Nazionalera iristeko, zortzi neurketako bidea dute aurretik guztiek, eta talde bakarrak eskuratuko du Liga Nazionalerako txartela.