Cirilo Zunzarrenen oroimenezko lasterketan parte hartuko du Jira-Birak asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 17a, 11:30

Egutegiko probarik "gogorrenetarikoa" izango denari aurre egin beharko diote igandean Zarauzko taldeko txirrindulariek.

Lizarrara (Nafarroa) bidaiatuko dute Jira-Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariek datorren igandean. Cirilo Zunzarrenen oroimenezko XLIII. lasterketa jokatuko da han, eta Zarauzko taldeak parte hartuko du. 10:00etan hasiko da 142 kilometroko proba. Jakitera eman dutenez, igande honetakoa da egutegiko lasterketarik "gogorrenetarikoa", lehen mailako portu bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hiru igo beharko dituztelako txirrindulariek. Gaineratu dute are zailagoa egingo duela proba astebururako aurreikusita dagoen giro hotzak.

David Etxeberria prestatzaileak taldeko hamahiru txirrindulari aukeratu ditu probarako: Cueva, Camino, Murcia, Eizagirre, Uranga, Gurrutxaga, Azkarate, Azkarate, Lopez, Ibarluzea, Garcia, Darthayette, Mesa eta Martinez.