Ander Iruretagoiena: "Politikoki ez da zuzena izango, eta ez dugu izan nahi"

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 18a, 09:00

Ander Iruretagoiena zuzendaria. (Aritz Mutiozabal)

Gizartean ahotsik ez duten kolektiboei presentzia eman nahian, ‘Nahiak’ telesaila lantzen aritu da Ander Iruretagoiena (Zarautz, 1994) zuzendaria. Momentuz, kapitulu pilotua filmatuko dute aurki.

Nahiak ikus-entzunezkoarekin buru-belarri ari zara lanean. Nola sortu zen proiektu honetan murgiltzeko ideia?
Duela urtebete hasi zen hau guztia, konfinatu gintuztenean. Hasiera batean, Elizalde zinema izenburua zeukan eta websail bat izateko asmoa zuen, baina proiektua aldatzen joan garen heinean, eraldatze bortitza izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Susperka dirulaguntza jaso genuen, eta, ondoren, 2deo Tabakalerako ikus-entzunezko edukien laborategien deialdirako aukeratu gintuzten. Era berean, Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearekin aritu gara elkarlanean. Harrezkero, proiektua garatzen aritu gara, eta orain azken fasean sartuta gaude.

Eraldaketa bortitza izan duela diozu.
Bai, hala da. Hasiera batean, Elizalde zinema izeneko websail bat zelako, eta orain Nahiak telesaila delako. Lau atal grabatzeko asmoa genuen, baina orain kapitulu pilotu bat grabatuko dugu, eta, ondoren, hori ETBri saltzeko asmotan gara.

Nolatan erabakitzen duzue webetik telebistara jauzi egitea?
2deo Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategiko kideekin hitz egiten aritu ginen, eta esan ziguten lantzen ari ginena ez zela websail bat. Harago zihoala eta telesail bat izan beharko lukeela. Planning-a aldatzen joan gara, eta sekulako bolumena hartu du. Websail bat herren geratzen zenez, telesaila egitearen erronkari heldu genion.

Azken fasean sartuta zaudetela aipatu duzu. Zein egoeretan zaudete une honetan?
Entseguetan ari gara, preprodukzioaren azken faseetan. Kapitulu pilotua errodatzeko hilabete baino gutxiago geratzen zaigu, eta asmoa dugu muntaia maiatzean zehar egitekoa, maiatzaren bukaeran estreinatzeko Tabakaleran bertan.

Diru bilketa kanpaina ere hasi duzue proiektua finantzatzeko.
Diru bilketa kanpaina jarri dugu abian Verkami.com plataforman, 5.000 euro lortzeko asmoarekin. Diru horrekin lantaldearen zati bati ordaintzea da gure nahia. Aurrekontuaren zati bat estalita dugu dirulaguntzei esker, baina oraindik ere gastu batzuk ditugu kolokan. Kanpaina martxan dago, baina ez dakit helburua lortuko dugun... Lortzen ez badugu ere aurrera jarraituko dugu.

«Estereotipoak saihesten, ahaztutako talde sozialak ikusgai jartzen dituen euskarazko serie inklusibo bat». Modu horretan definitu duzue telesaila.
Gure telesaileko protagonista emakume transexual bat da. Itsaso da, 22 urte ditu eta aurki unibertsitateko ikasketak bukatuko ditu, baina pixka bat galdua dago bizitzan. Bere desirak eta nahiak zeintzuk diren ezagutzera emango ditu: bidaiatu, mundua ezagutu, bizi... Tartean, ordea, zerbait gertatuko da, eta istorioa irauli egingo da guztiz.

Elizalde zinema sailarekin hainbat atal egiteko asmoa genuenez, zinemako txarteldegitik hainbat pertsonaia igaroko ziren: emakume transexuala, down sindromea duen gizonezko bat eta akondroplasia duen beste bat. Emakume transexualaren gaiarekin beste mundu bat ireki zitzaigun, eta horri heldu genion Nahiak sortuz. Era berean, beste bi pertsonaiak mantendu genituen. Azkenean, gure xede nagusia da ahotsa ematea gizartean ahaztuak dauden kolektiboei.

Erreferente izatea nahiko al zenuke?
Erreferenteak baditugu, eta uste dugu hau ere erreferente izan daitekeela. Pertsonaia nagusia nahiko potentea da, Vera Alonsok antzezten duena, eta iruditzen zaigu indar handia hartuko duela. Erreferente bat bihur daiteke Euskal Herrian, ikur bat. Gainera, gidoia lantzerakoan, Naizen elkartearekin jarri ginen harremanetan, baita gure protagonistarekin ere, ahalik eta errealistena izan zedin dena. Ongi informatu gara; ez da azaletik landutako gidoi bat.

Umore zirikatzailea izango duela ikus daiteke Interneten jarri duzuen aurrerapen bideoan.
Politikoki ez da zuzena izango, argi eta garbi. Ez dugu izan nahi, eta politikoki zuzenak izaten baldin bagara, gure helburuetatik at egongo litzateke hau guztia. Beraz, estereotipo guztiak hautsi nahi ditugu. Adibidez, down sindromea duen mutilak dio une batean: «Tontoak garela pentsatzen du». Horrelako dialogoekin edo egoerekin egunerokoari buelta ematen saiatu gara. Gainera, gidoia irakurri duen jendeari zirrara eragin dio, zaila delako ulertzea planteatzen dugun gaia. Errespetua ematen dio askori, eta egia da errespetua eduki behar dugula, baina ez dakit zenbateraino eramaten gaituen errespetuak gai horiek baztertzera. Errespetua ematen dute, baina hesia jauzi egin behar da. Guk hala egin dugu, betiere koherenteak izanik istorioarekin. Gainerakoan, freskotasuna, ukitu makarra, sarkasmoa eta umore beltza ditu. Ez du inor hotz utziko.