Orientazio ibilbide iraunkorra atondu dute Eraztun Berde Urdinean

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 20a, 10:00
GOTeko kide Ibon Goikoetxea mapekin, eta Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquez. (Aritz Mutiozabal)

Udalak orientazio kirolaren eskaintza sortu du Arkamurka ibilbidean, GOT Gipuzkoako Orientazio Taldearekin lankidetzan. Zailtasun mailaren araberako hiru ibilbide diseinatu dituzte, eta ibilbide bakoitzean hainbat plaka aurkitu behar dira. Mapak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke edo udalaren webgunean.

Zarauzko Udalaren eta GOT Gipuzkoako Orientazio Taldearen elkarlanaren emaitza da aurkeztu berri duten orientazio ibilbide iraunkorra. Herritarrei eta bisitariei naturaz gozatzeko, kirola egiteko eta Eraztun Berde Urdina ezagutzeko beste aukera bat dela nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek. Hain zuzen ere, Arkamurka ibilbidean kokatu dute, Vista Alegre, Zingira eta Santa Barbara-Mutxio eremuetan. "Hainbat helburu uztartzen dituen ekimen polit bat da", gaineratu du zinegotziak.

Orientzazio ibilbidea egiteko mapa bat ezinbestekoa dela zehaztu du GOTeko kide Ibon Goikoetxeak. Mapa hori egin dute, eta horren gainean hiru ibilbide diseinatu dituzte, kolore ezberdinez bereizita: horia, errazena; laranja, ertaina; gorria, zailean. Hiru ibilbidea Turismo Bulegoan hasi eta bukatzen dira, eta mapan zehaztutako plaka zuri-laranjak aurkitu beharko dira, hurrenkera jakin batean. Plaka bakoitzak hizki bat darama, eta hizki horiek mapan apuntatu ondoren, Turismo Bulegoan aurkeztu behar da. Maiatza bitarteko epean aurkezten dutenen artean opari bat zozkatuko dute.

Hiru aukera

Ibilbide horia familian egiteko atondu dutela azaldu du Goikoetxeak. Vista Alegreko parkearen inguruan bi kilometroko bira bat da, eta osatzen dutenek hamar plaka bilatu beharko dituzte. Ibilbide laranja pixka bat luzexeagoa da: 2,7 kilometro ditu eta hamabi plaka bilatu behar dira. Kasu honetan, Santa Barbara ermitara eta Mutxiora ingurura hurbiltzen da. Gorria, azkenik, luzeena eta teknikoena da, eta orientazio kirola ezagutzen dutenei bideratuta dago. 3,9 kilometroko bira batek osatzen du, Zingira eremua barne, eta hamabi izango dira bilatu beharreko plakak.

Zarautzen errotuta dagoen mendi taldea da GOT, eta lurraldean barrena orientazio kirolaz gozatzen dute. Alde horretatik eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko Udalari ekimen honengatik: "Orientazio ibilbide iraunkorraz gain, Zarauzko orientazio mapa bat egin dugu honekin batera. Horrela, aurrerantzean kirol bat gehiago egin ahal izango dugu herrian: orientazio kirola. Guretzako ez ezik, herritarrek Zarautz ezagutu nahi dutenek eta orientazioa egin nahi dutenek baliabide berri bat izango dute eskura".

Zinegotziak ibilbidea osatzeko asmoa dutenei eskatu die uneoro zehaztutako bideetatik ibiltzeko, eta landa eta mahasti pribatuak errespetatzeko. Ildo beretik, GOTeko kideak ingurua zaintzeko deia egin du. Ibilbideetako mapak Turismo Bulegoan bertan eskuratu daitezke, baita Zarauzko Udalaren webgunean ere.