Zarauztarra Saria jokatuko dute igande honetan kadeteek

Zarauzko Hitza 2021ko mar. 20a, 20:00

Duela bi urteko txirrindulari probako irudi bat

Astitik aterako dira aurreneko urteko kadeteak nahiz bigarren urtekoak, eta Mendibeltz kalean (kanpinera bideko kalea) helmugaratuko dira. 09:30ean aterako dira lehen urtekoak, eta 11:30ean, berriz, bigarren urtekoak.

52 kilometroko ibilbidea egingo dute Zarauztarra Sarian parte hartzen duten lehen urteko eta bigarren urteko kadeteek. Astitik atera, eta Nafarroa kaletik parrokia aldera egingo dute, han Getariarantz jarraitzeko N-634 errepidetik. Zumairaino iritsiko dira, eta saihesbidetik Txikierdira iritsiko dira, Oikiara hartu, Aizarnazabalerantz segi Iraetara arte, eta handik Arroara jarraituko dute.

Arroa Behean, berriz Txikierdira, eta bigarren buelta egingo dute, Oikia, Aizarnazabal, Iraeta eta Arroa zeharkatuz. Gero, berriz Getariarako bidea hartuko dute, eta Zarautzen Nafarroa kale osoa zeharkatuko dute, autobideko biribilgunean kanpinerako bidea hartuz. Han izango da helmuga, Mendibeltz bidean.

Zirkulazioa tarteka eten egingo du Udaltzaingoak herrian, baina mozketa puntualak izango direla azaldu du.