Zazpigarren, bederatzigarren eta hamazazpigarren postuak eskuratu dituzte zarauztarrek Oriaren Jaitsieran

Hondarribia gailendu da gizonezkoetan, baina gertu izan du Santurtzi, segundo batera. Emakumezkoetan nagusitasun osoz irabazi du Donostia Arraun Lagunak traineruak, bederatzi segundoko aldea aterata Donostia Kaiarribari. Ikusi sailkapen osoa albistearen amaieran.

Oriaren 27. Jaitsiera jokatu dute gaur Orion 30 ontzik, 20k gizonezkoetan eta hamarrek emakumezkoetan. 6.000 metro egin dituzte aurrenekoek arraunean, eta 4.000 metro emakumezkoek.

Gizonezkoetan lehia egon da, eta segundo batengatik Hondarribiak eraman du bandera, 19:17,58 denbora eginda. Santurtzi eta Kaiarriba A izan dira bigarrenak eta hirugarrenak. Zarautz-Gesalaga-Okelan A taldeak, berriz, 7. postuan amaitu du, 19:59,75ko denbora eginda. Herriko gizonezkoen bigarren taldeak 20:56,66 behar izan du proba amaitzeko.

Emakumezkoetan errazago nagusitu da Donostia Arraun Lagunak trainerua, 14:42,03 denbora egin eta bigarrenari bederatzi segundo aterata. Donostia Kaiarriba izan da bigarren, eta Orio hirugarren, 11 segundora (14:53,19). Emakumezkoen Zarautz-Gesalaga-Okelan taldeak bederatzigarren amaitu du lehia, 16:05,79ko denbora eginda.

PDFa. Ikusi hemen sailkapenak

ZARAUZKO HITZAk eguardian argitaratuko du goizeko jardunaldiaren argazki galeria.