Zarauzko bandera trukatuko dute Realarenarekin bihar

Apirilaren 3an ikuslerik gabe jokatuko dute Kopako finala Realak eta Athleticek Sevillan (Andaluzia, Espainia), eta Realak gipuzkoarren babesa sentitu nahi du. Horregatik, Realaren autobus ofizialak lurraldea zeharkatuko du gaur eta bihar, herri bakoitzean udalerriko bandera hartu eta Realekoa uzteko. Zarauztik bihar igaroko da, 09:50ean.

Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutuna helarazi die Gipuzkoako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. “Apirilaren 3a oso egun garrantzitsua da guretzat, eta apaltasunez esanda, baita Gipuzkoarentzat ere, gure ustez”. Izan ere, egun horretan jokatuko du taldeak Kopako finala Sevillan (Andaluzia, Espainia) Athleticen aurka, baina pandemia egoera dela eta, zalerik gabe izango da norgehiagoka.

“Gure jende guztia, Gipuzkoako jendea, hurbil sentitzeko ahalegina egin nahi dugu”, azaldu du gutunean. Hala, Realaren autobus ofiziala lurraldean zehar ibiliko da udalerrietako banderak hartzen, eta Realarenak uzten, kanpainarekin bat egitea erabakitzen duten herrietan. Udalek udaletxeko balkoian jarriko dute talde txuri-urdina babesteko oihala.

Realak, berriz, udalerrietan jasotako bandera guztiak eramango ditu Sevillara, “hain une garrantzitsuan eta, espero dezagun, historikoan, presente egoteko”.

Urola kostako 11 herriek emango dute udalerriaren bandera

Eskualde osoa zeharkatuko du Realaren autobusak gaur, astelehena, eta bihar, asteartea. Gaur Getarian egingo du aurreneko geldialdia autobusak, 11:10ean frontoian, eta bandera truka eginda,  Zumaiara jarraituko du. 11:25ean bake epaitegi aurreko autobus geltokian dute hitzordua han.

Eskualdeko gainerako herrietatik bihar igaroko da. Oriotik aurrena, 09:10ean autobus geltokian; gero Aian izango da, 09:30ean aparkalekuan. Zarautzen 09:50ean da hitzordua, batzoki aurreko geltokian, eta Aizarnazabalen plazan trukatuko dituzte banderak 10:10ean, eta Zestoan 10:25ean gurutzean.

Bidean gora jarraituz, Azpeitian 10:40ean anbulatorioan egingo du geldialdia Realaren autobusak, Azkoitian 11:05ean liburutegi aurrean, Errezilen 11:30ean dute hitzordua udaletxe aurrean, eta azkenik, Beizaman seroretxen elkartuko dira, 12:00etan.