Pentsio eta lan erreformen negoziaketetan gardentasun falta salatu du Pentsiodunen Mugimenduak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 22a, 17:00

(Utzitakoa)

Astelehenero bezala, protesta egin dute gaur goizean Zarauzko pentsiodunek, beren borrokari tinko eusten. Gaurko irakurketan bereziki salatu dute Gizarte Segurantzako ministroa eta Lan ministroa negoziatzen ari direla duela hilabete batzuetatik pentsioen erreforma eta lan erreforma Europako Batzordearekin, eta ez dutela negoziaketa horren "azalpen publikorik" eman. "Kazetaritza filtrazioen bidez soilik ezagutzen dugu proposatzen edo negoziatzen ari diren neurriei buruzko zerbait".

Hori kezkagarritzat eta larritzat jo dute pentsionistek, eta gogorarazi dute pentsio erreformak 700.000 pentsioduni eragingo diela Hego Euskal Herrian, eta lan erreformak 1.300.000 langileri. Gaineratu dute esku artean dutela Europako Batzordeari emandako dokumentua, eta iragarri dute "arretaz aztertuko" dutela eta lan zein pentsio erreformaren inguruko negoziazioaren berri emango dutela.