Udalak Planetaren Ordua ekimenarekin bat egitera animatu ditu herritarrak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 24a, 19:30

Datorren larunbatean 20:30etik 21:30era argi eta gailu elektronikoak itzaltzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Planetaren Ordua ekimena egingo da martxoaren 27an, larunbatean, eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak dei egin die herritarrei ekimenarekin bat egin dezaten. Klima aldaketaren aurkako borrokan keinu sinbolikoa da Planetaren Ordua, mundu osoko hainbat erakundek sustatzen dutena. Ordubetez argi eta gailu elektronikoak itzaltzean datza; aurten, datorren larunbateko 20:30etik 21:30era izango da ordubete hori. "Keinu sinbolikoa da, baina garrantzitsua, aldaketa klimatikoaren arazoaz ohartarazteko. Planeta bakarra daukagu eta ez dago B planik", aditzera eman du Vazquezek. 2007an Sidneyn (Australia) egin zen lehenengoz Planetaren Ordua, eta ordutik herrialde askok egin dute bat ekimenarekin. Zarauzko Udalak bat egingo du aurtengoan ere ekimenarekin, eta Santa Maria parrokiako, San Frantzisko elizako, udaletxeko, Torre Luzeako, Sanz Eneako eta Villa Mundako argiak itzaliko ditu larunbatean. 20:30etik 21:30era.

Bestetik, gaineratu dute herritar, enpresa edo erakunde gisa ere bat egin daitekeela ekimenarekin, horadelplaneta.es webgunean.