Azken zazpi egunetan 30 kasu positibo baieztatu dituzte Zarautzen

Anartz Izagirre-Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 26a, 15:00

Azken orduetan bost kasu berri hauteman dituzte herrian. Atzotik hona behera egin du intzidentzia tasak –256,99tik 239,86ra jaitsi da–, baina gorakorra da azken hiru asteetako joera. Gaur bilduko da Labi, eta neurriak zorroztu edo ez erabakiko du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta beste bost kasu positibo zenbatu dituzte Zarautzen. Azken zazpi egunetan 30 kasu baieztatu dituzte herrian: bost atzo, zazpi herenegun, bost asteartean, bat bera ere ez astelehenean, lau aurreko igandean, hiru aurreko larunbatean eta sei aurreko ostiralean. Aurreko zazpi egunetan –martxoaren 12tik 18ra– lau positibo gutxiago atzeman zituzten herrian: 26.

Atzoko datuak kontuan hartuta, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak behera egin du: 256,99koa zen atzo, eta 239,86koa da gaur-gaurkoz. Duela astebete, martxoaren 19an, Osasun Sailak ez zituen herri bakoitzeko datuak xehatu; beraz, ez zuen aurreko ostiralean erregistratutako intzidentzia tasaren berri eman. Dena den, egun bat lehenago, martxoaren 18an, gaurko berdina zen kasu metatuen tasa: 239,86koa. Duela bi aste, martxoaren 12an, 171,33koa zen tasa; duela hiru aste, martxoaren 5ean, 98,51koa. Joera gorakorra da, beraz.

Hamasei kasu eskualdean

Atzoko emaitzek erakusten dutenez, zertxobait gora egin dute kasu berriek Urola Kostan. Bigarren egunez jarraian, Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, baina eskualdeko beste hainbat udalerritan ere detektatu dituzte kasu berriak. Hiruna kasu zenbatu dituzte Aian, Azpeitian eta Zumaian. Aian azken hiru egunetan bost kasu zenbatu dituzte —hiru zenbatu zituzten atzo–, eta intzidentzia tasak goranzko joera hartu du; hain justu, 352,64ko tasa dute, eskualdeko altuena. Azpeitian ere igo egin da intzidentzia tasa, 118,27tik 124,84ra; dena den, Urola Erdiko herririk handienean urrun dute oraindik eremu gorria. Horrez gain, Zumaian ere gora egin du intzidentzia tasak, 193,34tik 203,52ra.

Eskualdeko gainontzeko kasuak Azkoitian eta Zestoan zenbatu dituzte, kasu bana herri bakoitzean. Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik baxuena duen eskualdeko herria; izan ere, 75,11 da hango tasa, eta oso gertu dute eremu berdea. Zestoan, berriz, 282,49ko intzidentzia tasa dute oraindik. Bestalde, Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman.

Positibotasun tasa, gora

Hego Euskal Herrian datu ezkorrak utzi dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek. Izan ere, 12.086 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 811 pertsonak eman zuten positibo, herenegun baino 125 pertsona gehiagok. Positibo gehien Bizkaian (293) atzeman zituzten, eta, ondoren Nafarroan (207), Gipuzkoan (199) eta Araban (104). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko zortzi herritarrek ere positibo eman zuten. Gauzak horrela, nabarmen egin dute gora positibotasun tasek: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %6koa da tasa, eta, Nafarroan, %8,6koa.

Erietxeetako datuei erreparatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 227 pertsona daude ospitaleratuta —atzo baino hamalau gutxiago—. ZIUetan, aldiz, gora egin du erien kopuruak, eta 87 pertsona daude hiru lurraldeetan, atzo baino lau gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratzeen berririk eman.

Neurri murriztaileak zorrozten

Kasu positiboen gorakada ikusita, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak Aste Santurako neurriak zorroz ditzakete egunotan. Labi-k gaur egingo du bilera 16:30ean, eta lurralde historikoen arteko muga perimetralak berriro ezartzea eta establezimenduen ordutegiak mugatzea izango dituzte hizpide, besteak beste. Nafarroako Gobernuak ere gaur emango du Aste Santurako neurri murriztaileen berri.