Egun bakarrean hamazazpi positibo atzemanda, eremu laranjan sartu da Zarautz

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasak behera egin duen arren, positibo kopuru handia atzeman zuten atzokoan: 731. Zarautzen igoera handia izan da, eta 329,81ekoa da intzidentzia tasa.

Azken egunetako joera berretsi egin dute Osakidetzak plazaratu berri duen koronabirusaren bilakaeraren txosteneko datuek. Gorantz doa egunez egun COVID-19a duten pertsona kopurua, eta herenegundik atzora ez da edonolakoa izan jauzia eskualdean. Denera 38 kasu atzeman zituzten eskualdeko herrietan egun bakarrean, herenegun baino hamazazpi gehiago. Daturik kezkagarrienak Azkoitia eta Zarauzkoak dira, izan ere,  atzo bost positibo berri atzemanda eremu gorrian sartu da Azkoitia. 400,57ko intzidentzia tasa du herriak orain, baina itxiera perimetrala ezarri beharreko herrien zerrenda datorren astelehenean eguneratuko denez, oraingoz, neurrietan ez du eraginik izango eremu gorrian sartu izanak.

Zarautzen, berriz, hamazazpi kasu atzeman dituzte egun bakarrean. Ia herenegun atzemandako kasuen bikoitza zenbatuta, eremu laranjan sartu da kostako herria. Gaur gaurkoz, 329,81ekoa da intzidentzia tasa herri horretan, eta 278,41koa zen atzo. Getarian ere igoera nabarmena izan da: lau kasu berri zenbatu zituzten atzo herri horretan, eta intzidentzia tasa 459,36ekoa iztetik 600,71koa izatera igaro da egun bakarrean.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere gora egin dute kasuek eta 14 eguneko kasu metatuen tasak. Azpeitian lau positibo atzeman zituzten, herenegun baino bat gehiago, eta apur bat igo da tasa herri horretan (151,42tik 170,83ra). Aian positibo berri bat atzeman zuten eta mantendu egin da intzidentzia tasa: 755,67koa da. Orion ere positibo bat atzeman zuten, eta apur bat egin du gora herri horretan intzidentzia tasak (212tik 228,31ra). Zestoan eta Zumaian hiruna kasu atzeman zituzten atzokoan, bietan aurreko egunetan baino gehiago. Zumaian gora egin du intzidentzia tasak; 234,05etik 244,23ra igo da. Zestoan, berriz, 256,81ean mantendu da.

%7,9ko positibotasun tasa

Herenegungo datuei erreparatuta, behera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasak. Atzo %8,7koa zen, eta gaurko datuekin %7,9koa da. 9.247 proba diagnostiko egin zituzten guztira, eta horietatik 731k eman zuten positibo hiru lurralde horietan.

Ospitaleetako datuak gazi-gozoak dira. Azkenaldian izandako ospitaleratze gehien izan ziren atzokoan: 66; eta ospitaleratuta dauden lagunen kopurua igo egin da apur bat: 364tik 369ra. Zainket Intentsiboen Unitateari dagokionean, ordea, jaitsi egin da apur bat bertan dauden pertsonen kopurua, oraindik oso altua izaten jarraitzen duen arren: 105 ziren herenegun, eta 100 atzo.