Sekulako gorakada denbora gutxian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 9a, 13:08

Datozen egunetako datuek argituko dute egunotan eman den igoerak goraka jarraituko duen edo egun gutxi batzuetako kasu puntualak izan diren. Atzokoan beste hamabost kasu zenbatu zituzten Zarautzen.

Azken egunotako joerari eutsi diote gaur Eusko Jaurlaritzak argitaratutako koronabirusaren bilakaera aztertzen duten datuek. Hamabost kasu berri zenbatu zituzten atzo Zarautzen. Azken hiru egunetan, denera 56 kasu atzeman dituzte herrian, eta grafikoari erreparatuta, ikus daiteke intzidentzia tasak igoera handia izan duela oso denbora tarte txikian. Atzoko datuekin, 445,45ekoa da intzidentzia tasa orain. 24 kasu atzeman zituzten atzo Zarautzen, eta grafikoan ikus daiteke azken hilabeteetako daturik altuena izan zela atzokoa.

Eskualdera begira jarrita, Azkoitia ere eremu gorrian dago astearteaz geroztik, eta azken egunotako positibo gehien atzeman zituzten atzokoan herri horretan: 11. Hori horrela, dagoeneko larria zen tasa are gehiago igo da. 559,13koa da herri horretan orain 14 eguneko kasu metatuen tasa. Zumaia ere sartu da gaurkoan datu kezkagarriak eman dituzten herrien zerrendan. Bederatzi kasu berrirekin, eremu horian sartu da kostako herria. Atzo 300dik beherakoa bazan ere, orain 335,81ekoa da intzidentzia tasa han. 

Gainontzeko kauak Aian (1), Getarian (2) eta Zestoan (1) atzeman dituzte, eta herri horietako intzidentzia tasek ez dute gorabehera handirik izan. Eskualdeko beste herrietan ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan. 

1.000 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienean, 13.901 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 1.075ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten kasu gehien atzokoan (334). Bizkaian 314 zenbatu zituzten, Nafarroan 283 eta Araban 140. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,4koa da azken datuen arabera, eta Nafarroakoa, berriz, %8,9koa.

Erietxeen egoeraren inguruko datuak ere kezkagarriak dira. Atzoko paziente kopuru berak jarraitzen du ospitaleratuta (366), baina aspaldiko ospitaleratze berri gehien izan dira azken egunean (74), eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ere azken asteotan egon den gaixo kopuru handiena dago (106).