Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute aurten ere Uemak eta udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 10a, 13:00

Ogasunarekin eduki beharreko harremanak euskaraz izateko egin beharreko urratsak azaldu dituzte.

Iritsi da errenta aitorpena egiteko garaia herritar asko eta askorentzat. Urtero bezala, Zarauzko Udalak eta Uemak kanpaina jarri dute abian herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiarazi zuen "100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz" egitasmoa, eta horri helduko diote aurten ere. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuten iaz, eta aurtengo leloa Ogasunarekin euskaraz izango da. 

Aurrerantzean Ogasunarekin eduki beharreko harremana euskaraz izatea nahi izanez gero, hori eskatu ahal izateko bideak argitu ditu udalak prentsaohar bidez. Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten bada, hango langileak gauzatu dezake aldaketa hori hala egiteko eskatuta. Interneteko Zergabidea plataforman eginez gero, errenta aitorpena betetzean egiten den hizkuntza aukeraketan, administrazioarekin harremana euskaraz edukitzea hautatu daiteke. Gestoria bidez egiten bada, gestoreari esan behar zaio hizkuntza aldatzeko. 

Herritarren gehiengoak autolikidazio proposamena jasotzen du gaur egun. Hori onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adieraziz gero, hortik aurrera hala iritsiko zaizkio pertsona horri Ogasunaren komunikazioak.