Bazterrean utzitako bizikletak biltzen hasi da udala

IƱigo Gaiton 2021ko api. 13a, 17:48

Egoera txarrean dauden bizikletak kaletik kenduz, espazio publikoan eta bizikletak aparkatzeko tokietan leku gehiago izatea lortu nahi du Zarauzko Udalak.

Bide publikoan abandonatuta dauden bizikletak kentzeko kanpaina jarri zuen martxan Zarauzko Udalak duela bi hilabete. Hala, udaltzainak egoera txarrean eta abandonatuta dauden bizikletei pegatina gorriak jartzen hasi ziren abisu modura, eta jakinarazi dutenez, gaur beteko da epea lehen pegatinak jarri zirenetik —guztira 140 pegatina inguru—. Horregatik, bizikleta horiek horiek biltzen hasiko da orain udala.

Adierazi dutenez, dagoeneko egoera txarrean zeuden bizikleta asko kendu dituzte aparkalekuetatik, hautsita zeudelako eta abandonatu itxura zutelako; bestalde, udal biltegian bi urte zeramaten 160 bizikleta ere eraman dituzte txatartegira, inork erreklamatu ez dituelako.

Aste honetan, Alde Zaharrean dauden bizikletak jasoko ditu udalak, eta Zarautz guztira zabalduko da bilketa datozen bost asteetan. Hori bukatutakoan, txatartegira eramango dira guztiak. Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren hitzetan, herritarrek bizikletak aparkatzeko toki gehiago izatea da egitasmoaren xedea, kaleen itxura hobetzearekin batera: "Hau ez da akzio puntuala izango, eta aurrerantzean ere ildo berean jarraituko dugu lanean. Gaur egun, inguruko herri eta hiri askorentzat erreferentzia gara gure inguruko bizikletaren erabileragatik, baina aurrera pausu bat eman behar dugu, etorkizunean arlo honen gestioan ere eredu bezala ikus gaitzaten”.