Asabaren baratzeko uzta

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 16a, 09:00

Eskuinetik hasita bigarrena da Xabier Lizardi, eta lehenegoa Nicolas Ormaertxea ‘Orixe’. Victor Garitaonaindiari omenaldian daude, Zaldibian, 1933an. (Gipuzkoako artxibategia)

Igande honetan, apirilaren 18an, Xabier Lizardi idazlearen jaiotzaren 125. urteurrena izango da. Bere lan-eskerga eta ekarpena nolabait ere presente daude oraindik ere. Lizardiz aritzeko, hiru zarauztarrekin egon da HITZA: Iñigo Agirre Lizardiren bilobarekin, Anjel Lertxundi idazlearekin, eta Iñaki Uria kazetariarekin. 

Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka/ Eta gu ere hire zain geundela/ Esan zioagu / Ez hitzela aspaldi azaldu /Etxetik. Tangoaren erritmora abesten zuen Mikel Laboak Bernardo Atxagak idatzitako poema hura, eta galdetzen hasita, Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrena efemeride aski garrantzitsua da idazle zarauztarrari atzerabegirako bat eskaintzeko. Igande honetan da data aipagarria, apirilaren 18an. Halakoetan, informazio bilketa egiterakoan, ohikoa izaten da Lizardi ezizena zuela gogoratzea, eta jaiotzez Jose Maria Agirre zela zehaztea (Zarautz 1896-Tolosa 1933). Baita olerkari fina izan zela nabarmentzea ere, Biotz-begietan liburua mahai gainera ekarrita, eta bertatik bere amonaren hileta eresia Biotzean min dut goratzea, gerora Antton Valverdek musikatua.

Euskal Pizkundearen bigarren erdiko ordezkari nabarmenetako bat izan zen, besteak beste, Nikolas Ormaetxea Orixe, Estepan Urkiaga Lauaxeta, Jose Ariztimuño Aitzol eta Tene Mujikarekin batera. Bere poesian izadia, bizitza eta heriotza, aberria eta euskara dira gai nagusiak, eta estilo aldetik jite moderno baterantz begiratzen dute. Baina poesian ez ezik, kazetaritzan eta antzerkian ere trebe moldatu zen: 1927tik 1933ra bitartean idatzitako artikulu sortak Itz-lauz liburuan jasota daude, eta antzerkirako Laño ta izar, Bi aizpak eta Ezkondu ezin ziteken mutilla ondu zituen.

Ekintzailea izan zen, eta garaiko ekintza kultural eta politikoetan parte hartu; Gipuzkoa Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen. Bere ametsetako bat euskarazko egunkari bat sortzea izan zen, gainera. Tamalez, gazterik hil zen, 36 urterekin, pneumoniak jota.

Sari banaketa ekitaldia

Xabier Lizardiren jaiotzaren urtemuga baliatuta, igandean bertan egingo dute 39. Lizardi Sariaren ekitaldia . Modelo aretoan izango da, 11:30ean hasita, eta bertan izango da Yolanda Larreategi Duralde irabazlea. Ur eta lur lana argitaratuko du udalak, marrazkiekin apainduta, eta 4.000 euro jasoko ditu Larreategik sari modura.


Anjel Lertxundi, idazlea: "Euskara forma berrietara moldatu zuen, estilo modernoetara"

 

Zein da Lizardiren literaturgintzaren presentzia gaur egun?
Lizardiren literaturaren presentzia gaur egun topatzen da poesian, han-hemen topatzen baitira arrastoak. Izaten dira aldiak batere agertzen ez direnak, baina kuriosoki hasi dira haren oihartzunak azaltzen, batez ere naturarekin zerikusia duten poesietan. Gero, prosan ere, erreferentzia asko egiten dute autoreek. Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela erraldoian Lizardiren aipamena etengabea da; Biotzean min dut poemaren oihartzuna jasotzen du gurpil batean bezala. Euskal literaturako egile handia da, batez ere poesian, eta horrek itzal luzea eta handia du.

Lizardi, Lauaxeta, Orixe... Klasiko modernoak dira. Baina ezagutzen al da Lizardi?
Nik uste dut baietz. Zorionez, egun eskoletan ematen da euskal literatura eta Lizardiren ezagutza badago. Beste kontu bat da Lizardi irakurtzen den ala ez. Berez gutxi irakurtzen bada, areago gertatzen da poesiarekin. Edonola ere, esango nuke klasikoen artean bera dela poetarik irakurriena Etxeparerekin batera.

Zer ekarpen egin zion euskal literaturari?
Alde teknikotik, euskara forma berrietara moldatu zuen. Ahozkotasunetik zetorren eredu klasikoa estilo  modernoetara eraman zuen. Hori izan zen berrikuntza nagusiki, ahozko poesiagintzan periodoak askoz ere lasaiagoak zirelako, deklinabideagatik eta abarrengatik. Lizardik egiten du horrekin hautsi, eta bere poesiari erritmo handia eta bizia ematen dio. Erritmo propioa zuen elementu bat hartu eta hori poesian islatzea erabat modernista zen. Adibidez, Bultzi-leiotik poeman trenaren erritmoa hartzen du egituratzerakoan. Bestalde, tematikoki ere, euskal naturari begiratzeko beste modu bat proposatu zuen, eta lehendabizikoa izan zen hura edertzen. Jada ez du baserritarraren, kaletarraren, jende arruntaren begiradarekin ikusten. Begiratuz gozatzeko elementu bezala ikusten du natura. Ordura arte ez dago euskal literaturan, ezta XIX. mendera arteko gainerako literaturetan ere, modu estetikoan begiratzeko ohiturarik.


Gazte hil zen, 36 urterekin. Idazle handi bat galdu zuen euskal literaturak?
Oso zaila da horri erantzutea. Egia da tekla guztiak ukitzen ari zela: poesia, antzerkia, prosa, kazetaritza... eta denetan zela ona. Jakina, adinean aurrera egin ahala garatzen joan izan balitz, baietz erantzungo nuke. Baina kontuan izan behar da bera hil eta handik bi urtera 36ko Gerra hasten dela, eta ondorengo katakunbak. Eta larri ibili Lizardi ere gerra garaian hiltzea! Lauaxeta, esaterako, hormara eraman baitzuten. Espekulazio horiek, azkenean, ez dute ezertarako balio. Lizardi 36 urterekin hiltzen da, eta inbidia ematen duen lan-eskerga uzten du, euskaran sekulako eragina izan duena, bereziki poesian, baina baita pinturan ere.

 

Iñigo Agirre, Lizardiren biloba: «Pena ezagutu ez izana, solas interesgarria izango genukeen»

 

Zuen aitonaren berri nola jaso izan duzue familia giroan?
Ez zaigu askorik transmititu. Lizardi olerkaria zela banekien, bere garaiko onentsuena, baina gehiegi ere ez ziguten kontatu. Kontuan izan behar da bere seme-alaben artean zaharrenak sei urte zituela bera hil zenean. Nire aitak lau eta erdi, beste batek bi, eta besteak bat eta erdi. Beraiek aitaren oroitzapen askorik ez zeukaten. Gero, norberak ezagutu duguna aitonari buruz izan da kanpotik. Niri asko lagundu didate egin diren ekitaldiek, bere heriotzaren 75. urteurrenekoak eta jaiotzaren 100. urteurrenekoak, baita Xabier Lete, Anjel Lertxundi, Antton Valverde eta Joxean Artzerekin hitz egiteak ere. Eta, gero, kuriositateak bultzatuta ere asko ezagutu dut. Nire osaba-izebekin baino gehiago, Lizardiren anai arrebekin hitz egin dut.

Eta zer oroitzapen zituzten?
Kontuan izan bera anaia zaharrena zela. Guztira, hamalau jaio zirela familian, baina aurrerako zortzi geratu zirela. Nik senide gazteenarekin asko hitz egiten nuen, eta harekin hemeretzi urteko aldea zeukan. Haiek zeuzkaten oroitzapenak ziren anaia zahar batekin edo ia aita batekin eduki zitzaketenak. Oso umezalea zela kontatu zidaten; izan ere, bere anaia-arrebak bere seme-alabak izan zitezkeen adinagatik. Tratu hori zuen, erreferente izate horretatik. Familiatik jaso dudana izan da miresmen handia, zeinen apala, gozoa eta maitekorra zen, eta nola zaintzen zituen familia giroa, amona, ama eta izeba. Eskutitz pila bat idazten zituen.

Poesian nabarmen jasotzen du testigantza hori: Xabiertxoren eriotza, Biotzean min dut edo Asaba zaarren baratza bezalako olerki ezagunetan.
Bai, bere olerkigintzan laga zituen lekukotza horiek. Gero, oso polita da Itz-lauz bere artikulu bilduman jasota dagoen Etxe barne bizia idatzia ere. Bertan kontatzen du estanpa moduan, arratsalde batean lanetik etxera iritsi eta zer harreman edukitzen duen bere seme-alabekin. Istorio ederra da. Zoritxarrez oso gazte hil zen... Hala ere, niri harrigarria egiten zait zenbat gauza egiteko gaitasuna izan zuen hainbat esparrutan: familian, lagunartean, kulturan, politikan... Pena ezagutu ez izana, elkarrizketa interesgarria izango genukeen.

Iñaki Uria, kazetaria: «Euskararen alde lanean, egunkaria izan zen bere ametsetako bat»

 

Lizardiren kazetagintzak kezka nagusi bat du, eta hori euskara da nabarmen.
Artikulu dezente idatzi zituen euskaraz eta erdaraz orduko Argia, El Dia eta Euzkadin, baina bukaera aldean gehienbat euskaraz. Idazle oso ona zen hitz lauz ere, prosan. Zuzena zen. Nolabait ere, igartzen zaizkio gerora, Egunkaria sortu zenean nahi izan genituen hizkuntza zuzena, modernoa eta esaldi laburrak. Beti jaso nahi izan du euskara, batez ere poesian. Jantzia eta dotorea da, eta hori guztia prosan oso deskriptiboa da, zuzena eta oso argia. Estilo aldetik denetik du: umorea, ironia... Ez da erraza, eta segur aski egungo gazteentzat urruti samar geratzen da. Guretzat ere urruna gelditzen zen, ulertzeko ere kostatu egiten zen, nahiz eta hitza deszifratu, bai poesian bai prosan.


Zer paper jokatu zuen Euskal Pizkundean?
Euskal Pizkundeak 1876tik 1936ra iraun zuen, Francoren altxaldira arte. Lizardiren kezka nagusia euskara zabaltzea eta sustatzea zen, ez bakarrik jantziagoa egitea. Idatzi zituen artikuluetan ikusten da sekulako lana egin zuela. Horietako hiruzpalau oso ederrak dira, euskarazko egunkariari buruzkoak direnak, guk ondoren erabili genituenak. Euskararen alde lan egite horretan, egunkaria izan zen bere oinarri potolo bat, bere ametsetako bat. Lizardi ez zen idazlea bakarrik, gerentea ere bazen. Artikuluren batean deszifratzen da zenbat sos behar dituen eta nola gastatuko lituzkeen: orduko bi milioi aipatzen ditu. Era berean, bera ekintzailea zen, Euskaltzaleak elkarteko kide.

Egunkaria aurrera ateratzen saiatu zen, ezta?
Bai, badago garai hartako ale bat izenik ez daukana. Ez dakit horretan zer parte hartu zuen. Gero, Eguna egunkaria iritsiko zen gerra garaian 1937ko urtarrilean, bera hil ondoren. Lizardi saiatu zen horretan, une horretan euskarak aurrera egiteko euskarazko egunkari bat behar zuelako. Aipatzen zuen 10.000-12.000 eroslerekin posible izango zela, argi ikusten zuen harpidedunak bilatu behar zirela, bihotz oneko euskaltzaleak, baina bihotz onekoak poltsiko txikikoak zirela... Bai izena eduki beharko lukeela egunkariak, Ez delako hilda egotea, ezer ez egitea, eserita egotea. Ekintzak esaten zion baikorra izateko.

Euskaldunon Egunkaria abian jartzerakoan zerbait hartu zenuten Lizardiren ametsetik?
Kontura gabe agian dena hartu genuen edo bere ametsa betetzen aritu ginen. Gauzatze hartan, zubi bezala, belaunaldi huraren eta geurearen artean Martin Ugalde izan genuen, kasik gu geu ohartu ere egin gabe. Egunkaria martxan jarri genuenean ari ginen hark esandakoa betetzen: harpidedunak bilatzen, inprimatzeko kontuak, kudeaketa lanak... Lizardik bazuen perspektiba oso hori, ez bakarrik hizkuntza edo kazeta estiloa, baizik eta enpresa oso bat antolatu behar zela zioen. Bi ideia horiek biltzen zituen.