Bertan behera utzi dute 2021eko Zarauzko Triatloia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 16a, 11:25

2019ko triatloiko irudia. (Dorleta Agiriano Lai)

Segurtasuna guztiz bermatu ezingo dutelako erabaki dute aurtengo proba ere atzeratzea. Mantendu egingo diete dortsala aurretik zeukatenei, eta soberan geratzen direnak nola banatu aurrerago erabakiko dute. 

Zarauzko Triatloi Elkarteak iragarri berri du aurtengo Zarauzko Triatloia ere bertan behera uztea erabaki duela "gaur egun bizi dugun osasun egoerarengatik". Beraz, beste urtebetez atzeratu beharko dute kirol proba entzutetsuaren 34. edizioa.

Azken hilabeteak triatloia egin ahal izateko lanean igaro dituztela azaldu dute elkarteko kideek. "Lanaren oinarria guztion osasuna zaintzea eta COVID-19 protokoloak bermatzea izan da", azaldu dute prentsaohar bidez. Osasun zerbitzuekin eta instituzioekin hainbat bilera egin ostean, antolakuntzako kideak ohartu dira ezin izango dutela segurtasuna guztiz bermatu.

Parte hartzaileen, boluntarioen  nahiz ikusleen segurtasuna bermatzea zuten helburu antolatzaileek, baina egoerak hala behartuta, "erabaki zaila izan arren", proba bertan behera utzi dute. Hurrengo urterako hitzordurako gomita luzatu du antolakuntzak. "Espero dugu egoerak hobera egingo duela eta betiko Zarauzko Triatloiaz gozatzeko aukera izango dugula".

Gaineratu dute dortsala mantendu egingo dutela bertan behera utzi berri duten ediziorako bazutenei, eta soberan geratzen diren dortsalak nola banatu aurrerago erabakiko dutela. 

Amaitzeko, Zarauzko Triatloiarekin elkarlanean aritzen diren boluntario, babesle eta instituzioei eskerrak eman dizkie elkarteak.