Eremu gorrian

Laukoiztu egin da intzidentzia tasa bi astean

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 16a, 13:11

Azaroko lehen asteaz geroztik ez da horren datu kezkagarririk izan Zarautzen. Egunez egun topatu dituzten positibo berrien kopurua orduan baino are altuagoa ari da izaten egunotan, eta intzidentzia tasak gora eta gora egiten jarraitzen du. Joera antzerakoa da inguruko herrietan ere.

Hilaren 13an bezala, atzo ere hemeretzi koronabirus kasu berri zenbatu zituzten Zarautzen egindako PCR eta antigeno probetan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera. Kezkagarriak izaten jarraitzen dute oso Zarauzko datuek, 2020ko azarotik ez baitzen izan herrian horren intzidentzia tasa alturik. Azken datuen arabera, 839,51koa da gaur-gaurkoz, beraz, grafikoan ikus daitekeenez, laukoiztu egin da tasa hori bi astean.

Eskualdeari dagokionez, herenegun bezala, atzo ere 69 kasu positibo atzeman zituzten orotara. Okerrera egiten jarraitzen dute 100.000 biztanleko azken 14 eguneko intzidentzia metatuen tasek. Izan ere, eremu gorrian sartu da Azpeitia ere. 387,65eko intzidentzia tasa zeukan herenegun, 400eko langatik oso gertu, eta atzo gainditu egin zuen, gutxigatik izan arren; 400,79. Hala, 11 herrietatik zortzi daude eremu horretan, hau da, 400dik gorako intzidentzia tasarekin: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz, Zumaia, eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten Aia, Getaria eta Zestoa.

Astelehenera arte ez dute neurri murriztailerik hartuko Azpeitian, ezta herri txikietan ere, baina datuek horrela jarraitzen badute, Azpeitia itxi egingo dute, eta litekeena da herri txikiekin ere neurri berak hartzea Eusko Jaurlaritzak.

Positibo berriei dagokienez, Zarauzkoez gain, hamalau positibo izan dira Azkoitian (intzidentzia tasa 1.216,05ekoa da, 1.118,25ekoa zen bezperan); Zumaian hamabi (intzidentzia tasa 702,15ekoa da orain, 600,39koa zen bezperan); Orion zazpi (831,70ean dago intzidentzia); Aian sei (906,8ko intzidentzia, 755,67koa zenean bezperan); Azpeitian bost (400,79ko intzidentzia); eta  hiruna Getarian eta Zestoan (1.342,76ra igo da intzidentzia Getarian 1.236,75etik, eta 487,93koa da Zestoan).

Astebete atzera egin eta joan den ostiraleko datuekin alderatuta, nabarmen egin du okerrera egoerak Urola Kostan. Orduan, 41 kasu berri atzeman ziren.

Hego Euskal Herrian 1.115 positibo berri

Hego Euskal Herrian 12.824 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 1.115 positibo berri atzeman zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.067 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 916k eman zuten positibo, hau da, %9,1ek. Bezperan 8,7koa zen positibotasuna, eta beraz, eskualdean bezala, okerrera egin dute datuek hiru lurralde horietan ere. Araban 101 positibo atzeman zituzten atzo, Bizkaian 413 eta Gipuzkoan 389.

Nafarroan 2.757  proba egin zituzten atzo, eta 199 positibo berri atzeman dituzte. Positibotasuna %7,2koa da han gaur-gaurkoz (bezperan %7,4koa zen).

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 67 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19 birusagatik, eta guztira 433 lagun daude ospitaleratuta (hilabetea hasi zenean 308 zeuden). ZIUn, berriz, 132 pertsona daude ospitaleratuta (hilabete hasieran 93 pertsona zeuden zaintza intentsiboko unitateetan ospitaleratuta).