Elikagaien xahuketa saihesteko pausoa

Amaia Urbieta Arruti-Mireia Galarza 2021ko api. 18a, 19:00

Hasteko, hamabost jatetxetan nahi dute jarri martxan kanpaina. Platerean soberan geratzen den janaria etxera eramateko eskatzera animatu nahi dituzte herritarrak.

Gourmet Bag proiektua aurkeztu dute gaur goizean Gloria Vazquez udaleko Ingurumen zinegotziak eta Xabier Arizmendi Impact Hub enpresako ordezkariak, Emakumeen* Etxean. Bi entitateek elkarlanean, "elikagaien xahuketa gutxitzea" helburu duen egitasmoa garatu dute. Aurreko agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu zuen proiektua, eta orain, Zarautzen garatuko dute.

Herritarrak animatu nahi dituzte jatetxe batera joaten direnean, platerean soberan geratu den hori etxera eramateko prestatzeko eskatzera; horixe da proiektuaren funtsa. Horretarako aukera hainbat establezimenduk eskaintzen dute, baina Vazquez zinegotziak azaldu du plastikozko ontzi batean gorde ohi dutela soberan dagoen janari hori; beraz, erabilera bakarreko plastikoa ekiditeko helburuarekin prestatu dituzte Gourmet Bag deituriko ontziak. Izan ere, material biodegradagarriarekin egindako kaxak dira aurrerantzean eskuragarri jarri nahi dituzten horiek. "Jatetexeekin kontaktuan jarri eta parte hartzera gonbidatuko ditugu. Kanpainan parte hartzen duten jatetxeek kartel bat edukiko dute, bezeroek jakin dezaten ontzi hauek eska ditzaketela", azaldu du zinegotziak.

Arizmendik azaldu du hasteko hamabost jatetxetan ezarri nahi dutela kaxen erabilera, eta aurrerago establezimendu gehiagok ere kanpainarekin bat egingo dutela espero du. Zehaztu du mikrouhin labean erabili daitezkeela kaxak, eta biodegradagarriak izanik, edukiontzi marroira bota daitezkeela zuzenean. Sentsibilizazioan ere egin du azpimarra Impact Hub enpresako ordezkariak: "Oraindik ere estigmatizatuta dago soberan dagoen janaria etxerako eskatzea"; hain zuzen, estigma eta lotsa horiekin amaitzea du helburu kanpainak.

Arazo etiko, ekonomiko eta klimatikoa

Jatetxeetako plateretatik harago, elikagaien produkzio kate osoan bazter utzitako elikagaien gaiaren larritasunaz ohartarazi du Vazquez zinegotziak. Bere arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350 mila tona elikagai baino gehiago xahutzen dira urtean, eta horien erdia baino gehiago etxeetan izan ohi da. Bestalde, gaineratu du "munduan 820 milioi pertsonak gosea pasatzen" duela, "munduan sortutako elikagaien %17 zaborretara botatzen" dela, eta zifra horiek hazi egin direla COVID-19a tarteko. "Hori guztia etikoki onartezina da", baieztatu du Ingurumen zinegotziak.

Ekonomia aldetik ere heldu dio gaiari, eta azaldu du "143 milioi euroko balioa" duela botatzen denak. Bestetik, ingurumenaren ikuspegitik ekartzen dituen arazoak ere aletu ditu: "elikagaiak sortzeko produkzioan kontuan hartu behar da baliabide naturalak erabiltzen direla, eta elikagai horiek xahutzean baliabide horiek ere xahutzen ari garela". Vazguezek arazoa "garrantzitsua" dela iritzi dio, eta "irtenbidea eman" behar zaiola azaldu du. Horretarako bidean, "lehen pausoa herritarrak sentsibilizatzea" dela esan du, eta aurkeztu berri duten egitasmoak bide horretan pauso bat izan nahi du.