Diploma eman diete Harrera Ikastaroan parte hartu duten ikasleei

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 17a, 10:00

21 lagunek hartu dute parte aurten ikastaroan, eta horietako askok euskaraz ikasten jarraitzeko bide ematen duen bigarren ikastaroa egingo dute laster.

Euskara eta Harrera ikastaroa eskaintzen zaie urtero Zarauzko bizilagun berriei, eta hizkuntzaz gain, "Zarauzko eguneroko bizitzan integratzeko oinarrizko alderdiak" ikasten dizkieta. "Euskarazko oinarrizko esamoldeak ikasteaz gain, euskal kultura eta herriko baliabideen berri" jasotzen dute, beraz, ikasleek. Udalak jakinarazi duenez, 21 lagunek hartu dute parte aurten ikastaroan, eta "segurtasun neurriak medio", zazpi pertsonako hiru taldetan antolatu dira. Lehen ikastaro horren ondoren, ikasle horietako askok euskararen hastapenari jarraipena ematen dion bigarren ikastaroarekin jarraituko dute. 

Harrerako ikastaro horretan parte hartu duten ikasleei diplomak eman zizkieten Euskaltegian ostiralean. "Hona iristen zarenean ez duzu hitzik ezagutzen euskaraz. Kurtso honi esker aurrez kaletik entzuten genituen hitz eta zenbakiak antzemateko gai gara", azaldu du Sami Piche ikasle guatemalarrak.

"Guretzat euskara Zarautzen integratzeko bitarteko garrantzitsua da, Zarautz herri euskalduna da eta euskarak ateak zabaltzen dizkio bizilagun berriari", adierazi du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak. "Zalantzarik gabe 66 orduko ikastaro batekin bakarrik ez du inork hizkuntza berri bat ikasten, baina lehendabiziko urratsa emateko balio du, euskaraz oinarrizko esaldiak esaten ikasteko eta euskal kultura ezagutzeko", gaineratu du zinegotziak.