ZAEko bi taldek parte hartuko dute asteburuan Legution jokatuko den Euskadiko Batel Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 17a, 15:21

Legutioko urtegian jokatuko da Euskadiko Batel Txapelketa. (@zarautzrarraun)

Zarauzko Arraun Elkarteko arduradunek erabaki dute jubenilek bakarrik parte hartzea txapelketan, COVID-19ak sortutako egoera okerrera egiten ari delako.

Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko da asteburuan Arabako Legutio urtegian, COVID-19aren aurkako segurtasun neurri zorrotzekin, eta Zarauzko Arraun Elkarteko bi ontzik parte hartuko dute hitzorduan. Koronabisuaren aurkako neurriak direla eta, arraunlariek, elkarteko ordezkari zuzenek eta entrenatzaileek soilik sartu ahal izango dute estropada eremura, hau da, federatu fitxa dutenek. Beraz, ez da ikuslerik izango Euskadiko Batel Txapelketan. "Horrez gain, elkarte bakoitzak gune itxi bat izango du estropada eremuan, eta hortik uretara joan-etorri soilik egin ahal izango dute arraunlariek. Aldagelarik ere ez da izango", azaldu du Gaizka Garmendia Zarauzko Arraun Elkarteko kideak.
 
Hasiera batean, ZAEko infantil eta kadete mailako taldeek ere parte hartu zezaketen Euskadiko Batel txapelketan, Gipuzkoako Batel Liga jokatu dutelako azken asteetan, baina elkarteak erabaki du bi ontzi bakarrik aurkeztea, izurritearen aurkako babes neurri gisa. "Federazioak jarritako segurtasun neurriez gain, elkartean aparteko neurriak hartu ditugu. Horregatik, erabaki dugu Legutiora bi talde bakarrik aurkeztea. Gainera, infantilei hamar egun inguruko atsedena eman diegu, egoera epidemiologikoak hobera egiten duen bitartean", zehaztu du.
 
Bi eguneko txapelketa 
Arraunlariek gaur arratsaldean sailkapen estropadak jokatuko dituzte binakako txandetan, erlojuaren aurka. Hala, maila bakoitzeko lau denborarik onenak lortzen dituzten ontziek igandeko finala jokatuko dute, eta larunbatean 5-8 postuen artean sailkatzen direnek, berriz, kontsolazio txandan parte hartuko dute. Biak ala biak, igandean 11:00etan hasiko dira.