ZAEk ez du dominik irabazi Euskadiko Batel Txapelketan

Aiora LarraƱaga 2021ko api. 18a, 15:34

Gipuzkoako Batel Txapelketako irudi bat. (@zarautzrarraun)

Kontsolazio txandan lehenengo egin du jubenil mailako mutilen taldeak. Jubenil mailako neskek, ordea, ez zuten gaurko estropadetan parte hartzeko sailkatzea lortu.

Asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketa jokatu da Legutioko urtegian, eta bertan parte hartu du Zarautz Arraun Elkarteak. Atzo arratsaldean, kanporaketa estropadak jokatu zituzten taldeek eta gaur goizean finalak eta kontsolazio txandak izan dituzte. Hala, Gipuzkoako Arraun Federazioak sare sozialen bidez jakinarazi ditu emaitzak eta ez dute dominarik eskuratu Zarauzko arraun taldeek.

Jubenil mailako mutilen taldeak jokatu du gaurko jardunaldian, eta kontsolazio txandan lehen postuan sailkatu da, Elantxobe, Bermeo eta Kaiku atzean utzita. Atzoko kanporaketan Zarauzko jubenil mailako nesken ontziak ere parte hartu zuen, baina ez zuten gaurko jardunaldia jokatzeko txartelik lortu.