Marteri eskainiko diote aurtengo Astronomia Astea

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 20a, 10:30

Arkamurkak bi hitzaldi antolatu ditu datorren asterako: bata, Modelo aretoan izango da, eta bestea, berriz, streaming bidez.

Murriztuta dator Arkamurka Natur Taldeak antolatutako XXIII. Astronomia Astea, baina ez horregatik interes gutxiagorekin. Bi hitzaldi prestatu dituzte datorren asterako, eta horietan Marte planeta izango dute hizpide. "Gizakiak betidanik izan du harekiko erakarpena: zeruan egiten zuen ibilbide berezia zela eta hasieran, lehen teleskopioekin begira hasi zirenean eta baita gaur egun ere dauzkagun teknologia onenekin aztertzen hasi garen honetan", nabarmendu dute antolatzaileek.

Lehen hitzaldia Exomars misioa: lehen eta orain izango da, eta hilaren 27an eskainiko dute, 19:30etik aurrera, Modelo aretoan. Europako Espazio agentziak abiatutako programari buruz dokumental motz bat jarriko dute lehenik eta behin, eta ondoren, mahai-inguru baten bidez, egungo egoera aztertuko dute Arkamurkako kideen eskutik.

Bigarren hitzaldia streaming bidez izango da, hilaren 29an, eta Marteri buruz aditua den Iruñeko Planetarioko ikertzaile Iñaki Ordoñez Etxeberriak eskainiko du Exploración espacial en Marte (Espazio-esplorazioa Marten) izenburupean. Honek Marteko esplorazioaren historiaren errepaso txiki bat egingo du, teleskopio arruntak erabiliz egindako lehen behaketetatik hasi eta planeta gorrian lurreratu diren azken misio espazialetaraino. Saioa 20:15ean hasiko da eta gaztelaniaz izango da.