Erosi Zarautzen bonuak eskuragarri daude gaurtik aurrera

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 20a, 09:30

4000 bonu jarri dituzte eskuragarri herriko 136 negoziotan. Maiatzaren 9ra arte iraungo du kanpainak edo bonuak bukatu bitartean.

Herriko dendetan kontsumitzera bultzatzeko ahaleginean, iazko bidetike, Erosi Zarautzen bonu kanpaina martxan jarri du udalak aurten ere Murkil Dendarien Elkartearekin batera. Gaurtik aurrera, beraz, eskuragarri izango dira bonuak ekimenera atxiki diren 136 saltoki nahiz establezimenduetan.

Kanpainak datorren maiatzaren 9ra arte edo bonu hauek agortu arte iraungo du, eta  hamar euroko deskontua duten 4.000 bonu jarri dituzte bezeroen eskura; udalak 40.000 euroko inbertsioa egingo du ekimen honetan. Bonu baten deskontuaz gozatu ahal izateko, ordea, gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da, eta erosketaren balioaren arabera, bonu kopuru gehiago ala gutxiago erabili ahal izango da, lau arte gehienez ere.

Honela banatu dute bonuak erabiltzeko prezio tarteak: 30-70 euroko erosketetan, bonu bat (10 euroko deskontua); 70-120 euroko erosketetan, bi bonu (20 euroko deskontua); 120-180 euroko erosketetan, hiru bonu (30 euroko deskontua); eta 180 eurotik gorako erosketetan, lau bonu (40 euroko deskontua).