Telmo Esnalek eta Pablo Azkuek URtu dute Modelo aretoa

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 23a, 17:30
Telmo Esnal azalpenak ematen, 'URtzen' filmaren aurre-estreinaldian, Modelo aretoan (Aritz Mutiozabal)

Pablo Azkuek idatzitako UR ipuina oinarri harturik, Telmo Esnal zinemagileak URtzen film dokumentala ondu du larrialdi egoera betean. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen lana, harrera ona bereganatuta eta Greenpeace erakundeak emandako Lurra saria irabaziz, eta gaur zinema areto komertzialetan estreinatuko dute. Atzo arratsaldean, ordea, etxe giroan, aurre-estreinaldia egin zuten Modelo aretoan. Sarrera eskuratzen bizkorrenak izan ziren primiziaz baliatu zirenak, baina ez hori bakarrik, baita sortzaileen aurkezpenaz gozatzeko parada izan zutenak. 

Ikusmina airean zegoen, eta 19:00ak pasata zirela igo ziren protagonistak oholtza gainera. Xabier Txurruka alkateak egin zituen anfitrioi lanak, eta kontatu zuenez, Esnalek haiengana jo zuela duela urtebete proiektu honetan buru-belarri murgildu zenean. "Non sortua izan zen, noiz, nola eta nork egina, gainera. Erabat babesteko konpromisoa hartu genuen", nabarmendu zuen alkateak: "Guk eskari bakar bat egin genion: prest zuenean, denon aurrean aurkeztea Modelo aretoan, aurre-estreinaldian".

Tratua gustu handiarekin betetzen, Telmo Esnal zuzendariak, Pablo Azkue UR ipuinaren egileak eta Miren Aperribai Atera Filmseko ekoizleak hartu zuten hitza jarraian. Aperribaik jakitera eman zuen filmeko lantaldearen gehiengoa zarauztarra izan dela, eta ikusgai diren lokalizazio gehientsuenak ere Zarauzkoak direla. Alde horretatik, eskerrak eman zizkion udalari beraien laguntzagatik, baita Modelon estreinatzeko aukera luzatzeagatik ere.

Esnalek ere eskerrak eman nahi izan zizkion udalari, "oso eskuzabalak" izan direla nabarmenduz, eta hirugarren aldi bat ere egongo dela iragarri zuen, non ikuslegoaren artean barreak eragin zituen. "Pablo ipuinarekin etorri zitzaidanean, galdetu nion ea zergatik jo zuen nigana. Berak erantzun zidan: 'Hi zarauztarra haiz, eta ulertuko duk ondo'. Ipuina irakurri ondoren, zarauztarra nintzelako nigana jo bazuen, filma zarauztarron artean egin behar genuela erantzun nion", azaldu zuen zinemagileak. Hartara, proiektu honi esker lehen ezagutzen ez zuen jendea ezagutzeko aukera izan duela aitortu du, eta haiei guztiei eskerrak eman zizkien. Baina bereziki bi lagun nabarmendu zituen: Manex Artola Maneto eta Pablo Azkue bera.

"Eskerrik asko etortzeagatik, eta ausartak izateagatik". Modu horretan ekin zion bere hizketaldiari Pablo Azkuek, eta hasi bezain pronto hunkitu egin zen: "Eskerrak nire erraldoiari, beragatik ez balitz, hau ez zen posible izango". Telmori esker berezia luzatu zion ipuinaren egileak, proiektuaren "patroi "izateagatik eta, batik bat, "ume honen ametsa egi bilakatzeagatik".

Ikusleek txalo artean agurtu zituzten protagonistak. Argiak itzali zituzten eta pantaila urtu egin zen, jende guztiak bertara murgil egin zezan.