Gipuzkoako Halterofilia Txapelketan parte hartuko dute gaur ZKEko kirolariek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 24a, 08:30

Zarauzko hamasei kirolari aterako dira lehiara gaur, eta emaitzak baliagarriak izango dira Espainiako Ligarako, baita Gipuzkoako selekzioko hautaketarako ere. 

Villabonako (Gipuzkoa) Olaederra kiroldegian hitzordu garrantzitsua daukate gaur Zarautz Kirol Elkarteko halterek. Gipuzkoako Txapelketa Absolutua jokatuko dute, gutxi gorabehera 10:00etatik aurrera. Hiru txanda edukiko ditu txapelketako jardunaldiak, eta egun osoko iraupena izango du.

Denera 53 kirolarik hartuko dute parte txapelketan, eta horietatik hamasei izango dira zarauztarrak. Gaurko txapelketa baliagarria izango da Euskadiko txapelketan parte hartuko duen Gipuzkoako selekzioa osatzeko, beraz, zarauztarrek hautatuak izateko aukera dute gaurkoan. Horrez gain, Espainiako Ligako bigarren jardunaldirako ere baliagarria izango da gaurkoa.