358 koronabirus kasu izan dira Gipuzkoan azken orduetan

Positibotasun tasa %7,2 da Hego Euskal Herrian gaur gaurkoz, azken orduetan 1.100 positibo izan eta gero. 186 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIUetan COVID-19ak jota.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroko Gobernuko Osasunbideak duela minutu gutxi eguneratu dituzte izurritearen gaineko datuak. Zehaztu dutenez, 15.299 froga diagnostiko egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta haietatik 1.100 positiboak izan dira. Bizkaia da positibo gehien zenbatu dituzten lurraldea, 466, hain zuzen ere. Araban 103 izan dira, Gipuzkoan 358 eta beste jatorrietako pertsonen artean 8 kasu atzeman dituzte. Hiru lurraldeetako positibotasun tasa %7,7 da. Nafarroan 165 kasu detektatu dituzte, eta han %5,3 da tasa gaur gaurkoz.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 101 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta, gaur-gaurkoz koronabirusa duten 186 pertsona daude ZIUn. Nafarroan, berriz, 2020 lagun daude ospitaleratuta COVID-19ak jota, horietatik 37 ZIUn.