Bertso-sorta: 'Esaldiak (pentsalari handienak)'

Zarauzko Hitza 2021ko api. 26a, 09:15

Hemen irakurgai Inaxio Uria Isasti-k Zarauzko Hitzara bidalitako bertso-sorta berria.

-1-
Zurikeriak erabiliaz
atsegintsu azaltzea?
Jatorrago da egia esanez
norbait haserraraztea

-2-
Bizitza seriogi ez hartu
Ez larritu alferrikan
Azken finean ez zara irtengo
zu bizirik bertatikan

-3-
Ikasketak egin behar dira
gauza oroz jakiteko
Jakintza bidez dena ulertu
ta ulertu epaitzeko

-4-
Hitz maitagarriak esatea
ez da kostatzen batere
Baina eragina izaten da
baliotsu hala ere

-5-
Mundu guztiaren desioa
urte asko bizitzea
Baina inork ez du nahi izaten
zahartzarora iristea

-6-
Oso haserre sentitzen nintzen
zapatik ez nuelako
Oinik gabeko bat ezagutu
ta ez zen hainbesterako

-7-
Gertakari garrantzitsuenak
Jaio,bizi ta hil dira
Ezustean jaio,hil beldurrez
Bizitzeaz ahaztu.Tira!!

-8-
Haurren heziketa zain dezagun
argi dago zergaitikan
Ondorioz helduak ez dira
zigorkatu beharrikan

-9-
Zoriona ez da gizon batek
nahi duena egitea
Baizik eta egiten duena
asegarri izatea

-10-
Pertsona orok ditu aho bat
bi belarri ta bi begi
Beraz bikoiztuz entzun,ikusi
Ta ez hitzegin gehiegi

-11-
Bi urte behar izaten dira
hitzegiten ikasteko
Hirurogei urteko eskola
behar denean isiltzeko

-12-
Burutsuak memelo papera
egitea da erraza
Alderantziz gertatu ezkero
aukera zinez eskasa

Doinua: Kopla handia