Hiru zarauztarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 26a, 11:00
Iazko txapelketako kanporaketa bateko irudia.

Nerea Isusik eta Mikel Ostolazak ostiral honetan kantatuko dute Asteasun, eta Uxue Ostolazak azken kanporaketan hartuko du parte, maiatzaren 14an, Arrasaten.

Iragan ostiralean hasi zen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Oiartzunen, eta lehen kanporaketan, Joar Garate zumaiarrak eskuratu zuen finalean kantatzeko txartela. Datozen hiru kanporaketetan, hiru zarauztar ariko dira kantuan. Horietako bik, Nerea Isusik eta Mikel Ostolazak, ostiral honetan izango dute saioa, Asteasuko udaletxeko aretoan. Bi zarauztarrekin batera ariko dira kantuan Aratz Arzelus eta Ane Zubia. Azken kanporaketan –maiatzaren 14an–, berriz, Uxue Ostolaza zarauztarra ariko da kantuan Lide Arregi, Jon Mendiluze, June Aiestaran eta Sustrai Goenagarekin batera, Arrasateko kultur etxean.

Finala maiatzaren 28an izango da Urnietako Saroben, eta Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 19:00etan hasiko dira saio guztiak. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta informazio gehiagorako, bertsozale.eus webgunera jo daiteke.