Emakumeen* Etxean eskainiko dute atzerriko ikasketak baliotzeko zerbitzua

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 26a, 12:40
Gloria Vazquez, Iratxe Zorrozua, eta Bidez Bideko kideak (Aritz Mutiozabal).

Bidez Bide elkarteak eskainiko du aholkularitza zerbitzua hileko azken ostiraletan; aste honetan jarriko dute abian, eta alde aurretik hartu beharko da hitzordua. Atzerritik herrira etorritako edonori irekita dagoen arren, bereziki emakumeei zuzenduta dago.

Atzerriko ikasketa agiriak homologatzeko zerbitzua eskainiko dute aurrerantzean Emakumeen* Etxean. Aste honetan bertan hasita, hileko azken ostiraletan Bidez Bide elkarteko kideen eskutik aholkularitza jasotzeko aukera izango dute, 14:00etatik 18:00etara, beraien formakuntza baliokidetu nahi dutenek. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren esanetan, "etxe hau Zarauzko emakume guztien etxea izatea du helburu" eta, zentzu horretan, aurrerapauso bat eman dute zerbitzu hau txertatuta.

Zerbitzua atzerritar ororentzat bada ere, bereziki emakumeentzat zuzenduta dagoela egin du azpimarra zinegotziak. "Ateak parez pare ireki nahi dizkiegu diskriminazio bikoitza jasaten duten Zarautzera etorritako emakume horiei: alde batetik, emakumea izateagatik; eta bestetik , etorkinak izateagatik", nabarmendu du. Ikasketa agiriak homologatzeak "lan aukerak handitzea" eta "formakuntza berrietan izena emateko" aukerak ahalbidetzen dituela gaineratu du, "integrazioa eta gizarteratzea erraztaraziz".

Lan mundurako garrantzitsua

Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak azpimarra berezia egin du gizartean zabalduta dagoen uste okerraren inguruan: "Sarritan pentsatu ohi da kanpotik datorrenak ez duela ikasketarik, eta hori ez da horrela. Datuek hala erakusten digute. Gipuzkoa, Bizkai eta Arabara atzerritik iritsitakoak hamar lagunetik hiruk erdi-mailako ikasketak ditu, eta beste bik goi-mailakoak". Ikasketa horiek hemen ez dutela balio esanez jarraitu du, baina baliotu daitezkeela eta garrantzitsua dela urrats hori egitea, "oso garrantzitsua baita lan mundurako".

Zerbitzu horrekin helburu bikoitza lortu dutela adierazi du Zorrozuak: "Batetik, herritarrek atzerrian dituzten ikasketa agiriak homologatzeko animatzera. Beraientzat ez ezik, gizarte osoarentzat baita onuragarria. Bestetik, malkartsua izan ohi den tramitazio horretan laguntza eskaintzea".  Urtean zehar hainbat hitzaldi antolatuko dituzte, zerbitzuaren osagarri gisa.

"Jendearen ibilbidean laguntzeko"

Pozik eta animatuta daudela jakinarazi du Katia Reimberg Bidez Bide elkarteko arduradunak, ostiral honetatik aurrera beraiek arduratuko baitira aholkularitza eskaintzen. Hamarkada bat daramate zeregin horretan, eta Reimbergen hitzen, "abagune ederra da jendearen ibilbidean laguntzeko". Lehenik eta behin, etortzen zaien pertsonen ikasketak baliokidetzen dituzte, aholkularitza juridikoa eskainiz. Hain zuzen ere, "emakumeen kasuan, etxeko lanak edo zaintza lanak egiten ditugu gehienbat, eta badirudi ezin dugula beste lan batzuetarako aukera izan. Beraz, zerbitzu honen bitartez, ikasketen homologazio lortzen dugu".

Bestalde, Bidez Bide elkarteko arduradunak estrategikotzat jo du  zerbitzua Emakumeen* Etxean kokatzea. Modu horretan, egoitzara bertaratzen direnek beste zerbitzuak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izango duelako. Atzerriko ikakseta agiriak baliozkotzeko zerbitzuaren arreta jaso nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua, 943-00 51 14 telefono zenbakira deituta edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzita.