Lamiak taldea ariko da Putzuzulon ostiral honetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 27a, 09:00
(Lamiak)

Egunean bertan erosi beharko dira kontzerturako sarrerak, 17:30ean.

Lamiak taldea Putzuzulo gaztetxean taularatuko da ostiral honetan, apirilaren 30ean. Hirukote donostiarrak 2019an argitaratu zuen aurreneko lana, Itsuen aroa, eta hard rock delakoa lantzen du. Ostiralean 18:30ean ekingo dio kontzertuari, eta Putzuzulok jakinarazi duenez, ordubete lehenago jarriko dira salgai sarrerak, gaztetxean. 5 euro balioko du sarrera bakoitzak, eta txartel bakarra erosi ahal izango da pertsonako.

Arraio Irratiaren hamabosgarren urteurrena izango da maiatzean, eta horren harira, hainbat ekimen antolatzen ari direla jakinarazi dute irratiko kideek. Lamiaken kontzertua izango da aurreneko ospakizuna.