Jose Luis Albizu ‘Golindo’ hil da

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 28a, 12:08
Juan Luis Albizu 'Golindo', Arkamurkako kideen eskutik oroigarria jasotzen. (Amaia Urbieta Arruti)

Arkamurka Natura Taldearen sortzaileetako bat izan zen Golindo, eta omenaldia egin zioten duela bi urte, taldeak mende erdia bete zuenean. Herenegun zendu zen eta, momentuz, osasun egoera dela eta, ez da hileta elizkizunik izango.

Jose Luis Albizu ‘Golindo’ Arkamurka Natura Taldearen sortzaileetako bat hil zen herenegun, hilaren 26an. 85 urte zituela zendu da egun herrian erreferente den taldearen zimenduak jarri zituena. 2019an bete zituen Arkamurkak 50 urte, eta ospakizun ekitaldian omenaldia egin zioten Golindori, hain zuzen. Zarauzko lagun talde bat perretxikoak aztertzen hasi zen duela 52 urte, eta zaletasun hartatik sortu zen Arkamurka. Omenaldia egin ziotenean, hastapen haietaz hitz egin zion Golindok HITZAri: "Mendira joaten ginen lagun taldeko kide bat perretxiko liburu batekin azaldu zen behin, eta harrezkero behera begira ibiltzen hasi ginen. Ni nintzen okerrena, gainera". 

Apurka-apurka egituratzen joan ziren mikologia zaletasuna, eta hortik sortu zen Arkamurkak antolatzen duen Natura Astean oraindik ere hitzordu garrantzitsua den perretxiko erakusketa.