Kai Nakai eta Maialen Sorzabalbereren bisita jaso dute gaztetxo zarauztarrek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 28a, 15:00

Astelehenean Hi gazte! dinamika egin zuten bigarrenez Modelo aretoan, eta  ikasleak gogotsu aritu ziren bikoizketa lanetan.

Hi gazte!-ren bigarren dinamika Zarautzera itzuli zen astelehenean, eta oraingoan gazteek bi sortzaile berri izan zituzten bidelagun: Kai Nakai eta Maialen Sorzabalbere. Sarerako ikus-entzunezkoak sortzeko kontuan eduki beharreko klabe batzuk azaldu zizkieten ikasleei, eta horiek praktikan jartzeko tartea ere izan zuten.

Hain zuzen ere, bikoizketa lanetan aritu ziren. Aretoa bi taldetan banatuta, lehiaketa txiki bat egin zuten, ea nork bikoizten zuen hobeto antolatzaileek proposatutako sekuentzia. Ariketaren emaitzarekin gustura geratu ziren, sortzaile gazteek dohainak zituztela erakutsi baitzituzten.

Horretaz gain, argi-uztai bat ere zozketatu zuten bertan eta ikasleek ezustean harrapatu zituen. Saio amaieran, maiatzaren 22ra arte gauzatzeko izango duten bigarren erronka aurkeztu zieten bi bidelagunek. Ikasleen kolaborazio eta laguntzarekin sketx baten adibidea bertan sortu eta grabatu zuten. Aretoan, segurtasun neurriak uneoro errespetatuta, giroa bero-bero egon zen, gogotsu izan ziren ikasleak bai sortzaileak.