'Zaintza bizitzaren erdian' hitzaldi zikloa egingo dute maiatzean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 30a, 11:30
(Zarauzko Udala)

Hiru saio egingo dituzte guztira, maiatzaren 5ean, 12an eta 19an. "Zaintzaren krisiaz" eta "zaintza lanak antolatzeko" moduez gogoeta egitea da asmoa, besteak beste.

Emakumeen Jabetze Eskolan parte hartu duen emakume talde batek hala proposatuta, Zarauzko Parekidetasun Sailak Zaintza bizitzaren erdian hitzaldi zikloa antolatu du maiatzerako. Jabetze Eskolako irakasle Pepa Bojok azaldu duenez, bi helburu nagusi izango ditu zikloak: batetik, zaintzari dagokionez "gertatzen ari denaren" eta "ondo ez doazen gauzen" inguruan hausnartzea eta, bestetik, "nahi dugun normalitate berria" nolabait "irudikatzen" hastea, horretarako, jada mahai gainera atera diren hainbat "proposamen" eta "aukera" aztertuta.

Hiru hitzaldi egingo dituzte orotara; hain zuzen, maiatzaren 5ean, 12an eta 19an. Irati Mogollon soziologoak emango dio hasiera egitarauari Zaintza ekonomia feminista ikuspegitik saioa eskainita. Batez ere, "krisien arteko genealogia eta ekonomia feministaren bilakaera" izango ditu hizpide. Maiatzaren 12an, aldiz, Miren Vibesek hartuko du hitza. Espazio publikoa, generoa eta ongizate komunitarioa hitzaldia eskainiko du arkitekto zarauztarrak, eta "hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoen" inguruan arituko da, pertsonen "ongizate fisiko eta mentalerako" eta "ongizate sozialerako" zimendu modura kokatuta.

Maiatzaren 19an izango da hirugarren eta azken saioa, eta Yayo Herrero antropologo, ingeniari eta aktibista ekofeminista ardutatuko da zikloari amaiera emateaz. La necesidad de poner los cuidados en medio de la vida hitzaldia prestatu du Herrerok, eta bi ardatz nagusi izango ditu: "Bizitzaren aurkako gerra hau nola sortzen den ulertzeko" tresnak ematea eta "horri buelta emateko gauzatzeko dauden bideak" lantzea. Anabelen Juaristik egingo ditu moderatzaile lanak hitzaldi horretan.

Modelo aretoan izango dira Mogollonen eta Vibesen hitzaldiak, baina online ere emango dituzte. Herreroren saioa, berriz, online soilik jarraitu ahal izango da. 18:30ean hasiko dira hiru hitzaldiak.

Fruituak

Bojoren esanetan, Zaintza bizitzaren erdian ekimenaren jatorriak erakusten du "emakumeen arteko sareak ari direla sortzen Jabetze Eskolan", eta "sare horiek gogoetak, aldaketak edo aldaketa proposamenak" eragiten dituztela. Hitzaldi zikloa antolatzeko proposamenaren oinarrian daude, Bojok adierazi duenez, konfinamendu garaian azaleratu ziren zenbait kezka eta hausnarketa. Konfinamenduak hainbat eztabaidari bide eman ziela dio Bojok: "Gizarte gogoeta bat sortu zen hortik".

Hausnarketa horrek, birusaz gain, beste hamaika ertz barne hartzen zituen, Bojoren arabera: "Osasungintza, bizimodua, gizartea, eta abar". "Zaintza funtsezkoa dela agerian geratu dela" ere nabarmendu du, kontuan hartuta "guztia dagoela guztiarekin harremanetan". Gogoeta horiek guztiek emaitza zehatz bat izan dute Zarautzen, Bojok azpimarratu duenez: maiatzean egingo den hitzaldi zikloa. Jatorrizko ideia proposatu duten emakumeen asmoa zen, "fokoa gaizki doazen gauza negatiboengan jartzeaz harago, inspirazio iturri bat izatea eta nora joan nahi dugun ikusteko ekarpenak jasotzea".

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak uste du beharrezkoa dela gogoeta egitea "pandemiak agerian utzi duen zaintzaren krisiaz eta zaintzak bizitzaren erdigunean jartzeko beharraz" eta
"zaintza lanak beste modu batera antolatzeko" premiaz. "Ardatz nagusia da emakumeok ere gure espazio eta denbora propioak behar ditugula", gehitu du zinegotziak.

Izen-ematea martxan

Vazquezek, bestalde, izena emateko eskatu die hitzaldiak entzuteko asmoa dutenei. Jakinarazi du Parekidetasun Sailaren blogean eskuragai egongo dela izena emateko esteka, baina telefonoz deituta (943-005 117) edo posta elektroniko bidez (berdintasuna@zarautz.eus) ere eman daitekeela izena.

Egitaraua

  • Maiatzak 5, asteazkena, 18:30. Zaintza ekonomia feminista ikuspegitik, Irati Mogollon. Euskaraz. Presentziala Modelo aretoan eta online.
  • Maiatzak 12, asteazkena, 18:30. Espazio publikoa, generoa eta ongizate komunitarioa, Miren Vibes. Euskaraz. Presentziala Modelo aretoan eta online.
  • Maiatzak 19, asteazkena, 18:30. La necesidad de poner los cuidados en medio de la vida, Yayo Herrero. Gaztelaniaz. Online.