Positibotasun tasa jaitsi egin da azken orduetan Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 13:34

Datuek hobera egin dute zertxobait azken orduetan: positibotasun tasa %7,3tik %6,8ra jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era Nafarroan. Dena den, egoerak larria izaten jarraitzen du, eta horren lekuko da bertan behera gelditu dela bihar Zarautzen jokatzekoa zen trainerilla ligako aurreneko jardunaldia. Getarian jokatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak jakinarazi dituzte atzo, ostirala, Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Guztira 929 lagunek eman zuten positibo atzokoan, denera egindako 14.247 test diagnostikoan. Bezperan 646 test gutxiago egin zituzten –13.601– eta positiboak ere gutxiago izan ziren, baina aldea txikia da –892 pertsona, hau da, 37 gutxiago–. Hala, jaitsi egin da positibotasun tasa, %7,3tik % 6,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,6tik %5,5era, Nafarroan.

Lurraldeka, Araban 78 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Bizkaian 400, Gipuzkoan 281, Nafarroan 160 eta beste erkidego edo toki batzuetako 10 kasu ere baieztatu zituzten, bestalde.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 95 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta COVID-19a duten 189 pertsona daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan; aurreko eguneko kopuru bera da hori.

Bertan behera arrauneko biharko hitzordua

Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta, Zarauzko uretan jokatzekoa zen bihar Trainerilla Ligako lehen jardunaldia, erlojuaren aurka. Ordea, arraun klubak jakinarazi du bertan behera gelditu dela estropada "herrian dagoen kutsatze maila altua ez delako ari jaisten".

Getaria Arraun Elkarteak antolatuko du biharko jardunaldia, eta Getarian jokatuko da, hala, liga horretako lehen estropada.