Maiatzaren Lehena

Manifestazio jendetsuak zeharkatu ditu herriko kaleak Maiatzaren Lehen honetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 14:29

LAB sindikatuaren deiari erantzunez, ehunka lagun atera dira kalera Aldaketa da aukera, norabidea aldatzera goaz lelopean. ELAk hiriburuetan egin ditu protestak, eta 19:00etan Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa egongo da. 

Maiatzaren Lehena da gaur, langile borrokarentzat egutegian gorriz markatutako eguna. LABek herriko kaleetan manifestazioa egitera deituak zituen gaur eguerdirako herritarrak nahiz oriotarrak eta aiarrak, eta une askotan aterkiak zabaldu behar izan dituzten arren, jende askok hartu du parte protestan, Aldaketa da aukera, norabidea aldatzera goaz lelopean.

Musika Plazatik abiatu dira manifestariak Parrokia aldera, eta handik errepide nagusia hartu dute, herriko kaleak zeharkatzeko. Banketxe batzuen aurretik ere igaro da manifestazioa.

LAB sindikatuak komunikatu luzea prestatu du gaurko egunerako (hemen irakur daiteke osorik). Batetik, azpimarratu du "borroka sindikal eta borroka sozialak pizten" jarraituko dutela, "enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa eta pentsioen defentsan".

Izan ere, sindikatuak esan du "osasun krisia gainditu ezinean, krisi ekonomiko, sozial, ekologiko, zaintza krisi larri baten erdian" dagoela gizartea. "Aldaketak beharrezkoak dira, baina aldaketarik ez dago borrokarik gabe", iritzi dio. Horrez gain, norabidea zein den zehaztu du: "Aldaketa ezker soberanismoaren eta langileen lidergotik bultzatuko da, edo ez da izango. (...) Eredu aldaketaren alde gaudenon eta trantsizioa nahi dugunon artean sinergiak bilatuz, indarrak bilduz, borrokak artikulatuz. Maila politiko instituzionalean, lantokietan eta kalean".

Burujabetzaren aldeko aldarria ere egin du beste behin LABEk: "Kapitalismoari alternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da. Baina, argi dago alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugula. Herri burujabetza prozesuak bultzatuz".

Gainera, mobilizazio gehiago iragarri ditu, eta esan du "greba orokorra egiteko prest" dagoela, beste sindikatuei mezua bidaliz.

"Alternatiba badugu"

"Aurtengo Maiatzaren Leheneko leloan norabide aldaketa aldarrikatzen dugu. Langileon eta gure lurraren aukera bakarra aldaketa da, ez sozialki ez ekologikoki, eredu hau ez delako sostengatzen. Kapitala ala bizitza hautatu egin behar delako".

"Guk bizitzaren alde egiten dugu. Aldaketa ez da egun batetik bestera gertatuko. Eredu zaharretik eredu berrira trantsizioa egin behar da. Trantsizio ekosozialista eta feminista, hori da alternatiba eta LABek baditu proposamenak eraldaketa horretarako, badugu Programa Sozioekonomikoa: bertan jasotzen dugun bezala, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko apustu irmoa egiten dugu; Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio bat borrokatzeko determinazioa dugu".

Eragile gehiagoren mobilizazioak

ELA sindikatuak, bestalde, Aldaketa garaia da lelopean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin ditu manifestazioak. Lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma eskatu ditu, besteak beste.

Sindikatuez gain, kalera ateratzeko deia egin du Urola Kostako Kontse­ilu Sozialistak ere. Zarautzen, esaterako, Kontzientzia berreskuratu, iraultza sozialista antolatu lelopean manifestazioa egingo dute gaur 19:00etan. Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dute "ofentsiba kapitalista bete-betean gauden garaiotan, desjabetuoi geure memoriaren jabetza ere ukatua zaigun honetan, langileona dena langileongandik eta langileontzat aldarrikatzera, eta beraz, antolakuntza komunista aldarrikatzera" datozela.

(Laster eskainiko dugu gaur eguerdian Urola Kosta eskualdean izan diren mobilizazioen bideoa).