Ontzi arinak "hobeto" sailkatzeko deia egin du UKUEk

Elkartearen arabera "birziklapen prozesua eten eta asko zailtzen dute" hondakin desegokiek. Horregatik, datozen hilabeteetan, arreta berezia jarriko dute ontzi arinentzako edukiontzietan.

Azkenaldiak ontzi arinen bilketan aurkitutako hondakin desegokiekin kezkatuta, Urola Kostako Udal Elkarteak ontzi arinak hobeto sailkatzeko deia egin nahi die herritarrei. 

Elkarteak adierazi duenez, oztopo horiek "birziklapen prozesua eten eta asko zailtzen dute". Gainera, sortutako ingurumen kale nabarmenez gain, "diru galera handia" ere badela gaineratu dute.

UKUEk nabarmendu nahi izan du, 2018an hondakinak biltzeko zerbitzua ezarri zenetik, ondo sailkatutako hondakinen kopurua "%20 puntu baino gehiago" igo dela eskualdean. Haien arabera, bilakaera "positiboa" da eta herritar gehienen jarrera "eredugarria" bada ere, hobetzen jarraitzeko ezinbestekotzat jo dute, bereziki, ontzi arinak hobeto sailkatzea.

Arreta berezia

Horregatik, datozen hilabeteetan, arreta berezia jarriko dute ontzi arinentzako edukiontzietan. Hain zuzen, hondakin desegoki kopuru handienak dituzten guneei "jarraipen berezia" egingo die elkarteak, eta gainerako edukiontzietan ere “zer non utzi” gogoratzeko informazio euskarriak jarriko dira.

Gainera, atez ateko bilketa zerbitzuaz gain, zenbait merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduei kaleko edukiontziak giltza bidez irekitzeko aukera eman zaie dagoeneko.

Hiri hondakinak gutxitzearekin batera, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua buru-belarri dabil UKUE hondakinen sailkapena hobetu eta eskualdeko birziklapena areagotzeko.