Maiatzaren Lehena

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak deituta dozenaka herritarrek egin dute manifestazioa Maiatzaren Lehen iluntzean

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 2a, 13:01

Herriko kaleetan Kontseilu Sozialistaren aldarriak ere entzun ziren atzo, Langileen Nazioarteko Egunean. 19:00etan abiatu zen manifestazioa udaletxe aurreko plazatik. "Komunismoaren emergentzia" aldarrikatu du mugimenduak.

Maiatzaren Lehen iluntzean, atzo, kalera atera ziren dozenaka herritar Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez, Kontzientzia berreskuratu, iraultza sozialista antolatu lelo hartuta.

Mugimenduak atzoko egunaz egin du irakurketa ere –osorik irakur daiteke hemen–. Batetik, Maiatzaren Lehena "langile mugimenduaren tradizio iraultzailea omentzeko eta horren berraktibazioa bultzatzeko" egun gisa ulertzen dute.  "Proletalgoak esperantzarik izango badu, antolakuntza komunista indartzetik abiatu behar du nahitaez", adierazi dute. "Komunistok helburu argi bezain konplikatu bat egikaritzeko antolatzen gara: ekoizpen bitarteko nagusien kontrola langileria antolatuaren menpekoa izan dadin". Mugimenduarentzat, "betebeharra da komunismoaren ideia egitate bihurtzea".

Gaineratu dute "kapitalismoak langileei bizitza duin bat emateko dituen mugetatik" justifikatzen dela "komunismoaren emergentzia". Hala, "jardun politiko guztia kapitalismoaren kritikatik abiatu behar da, alegia, kapitalismoaren barnean etxebizitza, elikadura, aisialdi, lan baldintza eta, oro har, bizitza bizigarri bat lortzeko langileok dugun ezintasuna seinalatzetik".