TAO zerbitzuaren ordenantza aldaketa partziala onartu du udalak

Mireia Galarza Bastida 2021ko mai. 3a, 12:03

Aldaketa horiek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta, beraz, TAO zerbitzuaren ordenantza berria ekainaren 1ean jarriko dute indarrean, udako denboraldi hasierarekin batera. Lehenengo eremuko biztanleek, Alde Zaharrekoek, nahi duten eremuko bineta ateratzeko aukera izango dute aurrerantzean.

Urtarrilean hasierako testua onartu ondoren, eta jendaurreko erakustaldian herritarren proposamenak jaso eta aintzat hartu ondoren, Zarauzko Udalbatzak TAO zerbitzuaren ordenantza aldaketa partzialaren behin betiko testua onartu zuen osteguneko udalbatzarrean. Aldaketa horiek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta, beraz, TAO zerbitzuaren ordenantza berria ekainaren 1ean jarriko dute indarrean, udako denboraldi hasierarekin batera. Iragan ostegunean onartu zituen aldaketak udalbatzarrak, Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin, eta Podemos EquoBerdeak eta EH Bilduren aurkakoekin.


Onartutako aldaketekin, Alde Zaharrak 1. eremua izaten jarraituko du, baina gainontzeko leku guztiek 2. eremua osatuko dute.  Lehenengo eremuko biztanleek, gainera, nahi duten eremuko bineta ateratzeko aukera izango dute. Zarauzko Udalak dioenez, aldaketa honen inguruan interesa duten pertsonen kezka eta beharrei erantzun ondoren, egoiliarren "plaza kopurua handitzea erabaki da". 

90 plaza inguru berriak izango dira, horietatik 50 Talaimendin, 25 Vista Alegre auzoan eta hamabi portuaren inguruan, Aiten Etxe jatetxearen aurrean. Bestalde, gune urdineko 320 plaza egoiliarren aparkaleku bihurtuko dira. 60 Salbide inguruan kokatu dituzte, 160 Azken Portun -Urdaneta eta Altzola kaleetan-, eta 100 Mendilauta, Zumalakarregi eta Zinkunegi kaleetan. 

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, "enpatiaz" entzun dituzte eremu guztietako bizilagunak, gero proposamen orokor bat bilatzeko, herritar guztiei "mesede" egingo diena. "Ordenantza honen aldaketa onartu ostean, Mugikortasun Sailak lanean jarraitzen du erdigunetik igarotzen den ibilgailu kopurua murrizteko eta horrela Zarautzen mugikortasun jasangarriagoa lortzeko", gehitu du Basurkok: "Laster neurri berriak iragarriko ditugu mugikortasun berdeagoa sustatzen jarraitzeko". Izan ere, urtarrileko udalbatzarrean onartu berri dituzten aldaketetako gehienak mahai gainean jarri zituzten, eta horrek hautsak harrotu zituen herritarren artean. Urtarrileko proposamenari 30 alegazio aurkeztu zaizkio, eta horietako bat 767 herritarrek sinatu zuten. Iker Basurkok udalbatzarrean azaldu zuen adi entzun dituztela alegatzaileen arrazoiak, iradokizunak aintzakotzat hartu, eta urtarrilekoarekin alderatuta, "hobetu" egin dutela aldaketa proposamena.

Egoiliarren tarifak igotzea

Ordenantzaren aldaketarekin batera, gune urdinaren eta egoiliarren tarifak apur bat igo dituzte. Binetak 35 euroko kostua izango du urtean. Gainera, aurten, zerbitzu honetako erabiltzaileek % 20ko konpentsazioa jasoko dute COVID-19ak sortutako eragozpenengatik, eta binetaren ordainketa helbideratzen dutenek beste % 5eko beherapena izango dute. Horrela, 2021eko bineta 27,25 euro ordaindu beharko dute. 

"Tarifen eguneraketa koherentea dela uste dugu, eskaintzen den zerbitzuaren %100ari dagokiona eta egungo egoerara egokitua", azaldu du Mugikortasun zinegotziak. 

Gune urdineko aparkalekuak

TAO erregulaziotik egoiliarretara igaro diren zenbait aparkaleku-eremu birmoldatu ondoren, Udalak eremu urdineko 75 plaza gehiago jarriko ditu uda honetan Salberdingo aparkalekuan. Era berean, Astiko kirol-guneko aparkalekua TAOk araututako eremuaren barruan aurreikusi da, eta horrela erabili ahal izango da, beharrezkoa izanez gero.