Jaitsieratik urrun mantentzea du xede Amenabarrek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 4a, 08:30

(@AmenabarZarautz)

Galtzak bete lan izango dute datozen asteetan Amenabarreko eskubaloi jokalariek, atzeratutako partidak pilatuko baitzaizkie. Lanak txukun eginez gero, aparteko zailtasunik gabe mantenduko dute maila.

Ligako bigarren fasean murgilduta dabil egunotan Amenabar eskubaloi taldea. Hain zuzen, hamar taldek osatzen duten multzoan mailaz ez jaistea dute xede, eta oraindik ezer aurreratzeko goiz bada ere, momentuz, ondo bideratuta daude zarauztarrak; beraz, lanak txukun eginez gero, ez lukete aparteko arazorik izan behar Gizonezkoen Zilarrezko Mailari eusteko beste denboraldi batez.

Konfinamenduak eta abarrak direla eta, partida bakarra jokatu ahal izan zuten apirilean, eta maiatzean zazpi norgehiagoka jokatu beharko dituzte. Hamarreko multzo horretan hirugarren postuan da Amenabar gaur egun, hamasei punturekin. Seigarren doanak (jaitsiko liratekeenen artean lehenak) hamalau puntu dauzka, baina zarauztarrek gainontzeko talde gehienek baino partida gutxiago jokatu dituztenez, alde hori handitzeko aukera daukate.

Aurreko igandean irabazi egin zuten zarauztarrek etxean Lalinen aurka 25-22ko emaitzarekin, eta ostegunean izango dute hurrengo lehia. Igandean, berriz, Pontevedrara (Galizia) bidaiatuko dute, Teucro taldearen aurkako neurketarako.