Jaione Eskudero: "Abesbatza asko pikutara joan dira"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 4a, 16:00
Zarautz Abesbatza 2020ko otsailean.

Bat egin du Zarautz Abesbatzak asteburuan Euskal Herriko Abesbatzen elkarteak egin zuen protestarekin. Martxan jarraitzen badute ere, iazko martxotik ez dute kontzerturik eskaini, eta entseatzeko hirunaka elkartu behar izaten dute.

Protesta egin zuen Euskal Herriko Abesbatzen elkarteak igandean Donostian, egungo egoeran abesbatzek beren jardunerako dituzten zailtasunak mahai gainean jartzeko. Zarautz Abesbatzako kiderik ez zen bertan izan itxiera perimetrala dela eta, baina bat egin zuten protestarekin. Izan ere, azarotik entseatu ezinik daude pandemia dela-eta agintariek ezarritako neurriengatik, eta 11 puntuko manifestua aurkeztu dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin dituzten elkarretaratzeen ondoren. 

Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendariak azaldu du talde osoak elkartu ezin duenez, bilera moduko entseguak egiten dituztela, hirunaka. "Hori da bilatu dugun modua eta, horrela, gutxienez, kantak entzuten eta ikasten joaten gara". Izan ere, zuzendariak azaldu du zaila dela aurrera egitea bakoitzak etxean bere kabuz entseatuta. "Orduerdiko saioak bakarrik egiten ditugu, saio bakoitzean bi kanta prestatu eta gero etxean entseatzen dugu hurrengo asterako. Gutxienez elkartzen ari gara, eta ilusio apur bat egiten du".

Entseatzeko modua topatu badute ere, iazko martxotik kontzertu bat bera ere ezin izan du eskaini Zarautz Abesatzak. Hori dela eta, Eskuderok aurreratu du "abesti berri mordoa" daukatela, doinu berriak prestatzen eta sortzen jardun direlako azken hilabeteetan. "Kontzertuak egiteko baimena ematen digutenean daukagun guztia eskaintzeko datak topatu ezinik ibiliko gara!" esan du barre artean. Dena den, zuzendariak uste du zaila izango dela datorren udan ere kontzertuak eskaintzea.

Ezkutuan bada ere, lanean jarraitzen du Zarautz Abesbatzak, beraz. Tamalez, beste hainbat eta hainbat abesbatzak ezin dute gauza bera esan. Eskuderok azaldu du "abesbatza asko pikutara" joan direla. "Jendeak bestelako ohiturak hartu ditu, eta urtebete entseatzera joan gabe egon ondoren zaila da berriro hastea. Batez ere, jubilatuen abesbatzetan gertatu da".

Hemen dago irakurgai asteburuko protestan plazaratu zuten manifestua:

Manifestuaren 11 puntuak

  1. Abestu nahi eta behar dugula.

  2. Abesbatza gehienok ezin elkarturik gaudela 2020 urteko azaroaz geroztik.

  3. Gure koruetako askok ez dutela abesten jarraituko dagoeneko beraien ateak betirako itxi dituztelako.

  4. Gure zuzendarien lanari esker hainbat eta hainbat familia bizi direla.

  5. Jarduera koralaren aurkako demonizazio kanpaina bat sufritu dugula komunikabideen partetik.

  6. Egungo egoeran, segurtasunez abestu ahal izateko, protokoloak eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutako espazioak babestu eta girotzeko neurriak daudela: beste kultura edo kirol jarduera federatu batzuetan bezala.

  7. Ez dagoela COVID-19aren arriskutik %100ean salbuetsita kultura, lana edo eguneroko jarduerarik. Bestelako kirol, kultura edo taldekako jarduera federatuak dagoeneko baimenduta daude. Zergatik ez federatutako abesbatzena?

  8. Abesbatzen jarduera arrisku handikoa dela uste bada:
    a. aplika ditzagun aurreikusitako neurriak
    b. bidera ditzagun kontrolatzeko moduak
    c. alda ditzagun neurriak, nahikoak ez direla ikusten bada, baina ez dezagun sistematikoki kantu korala debekatu

  9. Federatutako Abesbatzok baimena exijitzen dugu, gure entsegu koraletako jarduera aurrez aurre egin ahal izateko. Gure aldetik, Eusko Jaurlaritzak onartutako protokolo koraletan jasotako segurtasun baldintza guztiak errespetatuko ditugu.

  10. Federatutako abesbatzok gure entsegu guneak araudi berriari egokitzeko zuzeneko laguntzak exijitzen ditugu.

  11. Azkenean, zera adierazi nahi dugu: kantatzea segurua da segurtasun neurriak betetzen badira.