Takila sistema jarri dute Merkatu Plazan, "salmenta harremanak errazteko"

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 5a, 08:30
Merkatu Plazako ekoizle bat eta Leire Arana zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Bezeroek merkatu ordutegitik kanpo jaso ahal izango dituzte takila hauetan ekoizleei telefonoz edo whatsapp bidez erositako produktuak. Guztira, zortzi takila jarri ditu Zarauzko Udalak, baina sistemak arrakasta izanez gero, udara begira gehiago jartzeko asmoa erakutsi du.

Udalak takila sistema berria jarri du martxan aste honetan Merkatu Plazan, bertako ekoizleekin elkarlanean. Sistema horri esker, bezeroei merkatuan erositako produktuak salmenta ordutegitik kanpo jasotzeko aukera eskaintzen diete. Ekoizleek beraien bezeroekin produktuen salmenta telefonoz edo whatsapp bidez itxiko dute, eta takila zenbakia eta hura zabaltzeko kodea emango dizkiete bezeroei. Ondoren, bezeroek erositako produktua jasotzeko aukera izango dute egunean bertan, ondoen etortzen zaien unean.

Landa Garapenerako zinegotzi arduradun Leire Aranaren arabera, Merkatu Plazako ekoizleen eta bezeroen arteko "salmenta harremanak erraztea" da sistema berriaren helburua. Proiektua aurrez landuta zutela eta Merkatu Plaza biziberritzeko proiektuaren baitan txertatzeko asmoa zutela jakitera eman du. Baina pandemiaren ondorioz, urtebetez atzeratu dute bere ezarpena. "Orain, ekoizle eta bezeroen artean salmenta bide berriak zabaldu direnez, orain martxan jartzea beharrezkoa ikusi dugu”, egin du azpimarra Aranak.

Momentuz, zortzi takila jarri dituzte, baina ekoizleek sistema berria arrakastatzat joz gero eta gehiago behar dituztela adieraziz gero, udarako beste hainbeste erosiko dituztela jakinarazi du zinegotziak. "Gainera, sistemaren funtzionamendua baloratzeko aukera paregabea da; ondoren, Merkatu Plaza biziberritzeko proiektuaren baitan, sistema hau modu moderno eta egokiagoan nola ezarri aztertzeko", azaldu du.