Bertso-sorta: 'Esaldiak 2'

Zarauzko Hitza 2021ko mai. 5a, 10:30

Inaxio Uria Isasti-k aurreko astean Zarauzko Hitzara bidalitako Esaldiak (pentsalari handienak) bertso-sortaren bigarren atala helarazi du oraingo honetan.

-1-
Legeen esklabotzan gaudela
hori nahiko argi dago
Ulergaitza da bide horretan
izatea askeago

-2-
Estropezu baten ondorioz
noizbait erortzen bazara
horrek ez du esan nahi bidea
okerra denikan, hara!!

-3-
Helduak legez pentsa ezazu
ta gazte bezala bizi
Agure antzera aholkatu
Haur ametsetan ez etsi

-4-
Jakintsu batek ez du esaten
pentsatzen duen guzia
Baina ondo pentsatu izan du
esan aurrez iritzia

-5-
Errespetoa eta dirua
parekagarriak dira
Eska ditzazkezu, baina hobe
da irabaztea, tira!!

-6-
Bertan egon eta ondorioz
adierazpena hutsala
Hobe aldegin ta zure faltak
arrastoa utz dezala

-7-
Atzera ez behatu haserre
ez ta beldurrez aurrera
Zure inguruetan arreta
jarri.Hori da aukera!!

-8-
Jende artean gustu kontuak
sortu izan du ezbaia
Mundu guztiarentzat gogoko
izaten ez bada saia

-9-
Bizitzan zehar une txar batek
eten ezkero bidea
zuk jarrai aurrera beti legez
zeren txarra da unea

-10-
Eriotzari beldurra ahaztu
Pentsatu era onean
Zu zaudenean bera ez dago
Zu ez,bera dagonean

-11-
Zahartzaroak duen eragina
nabaria da epeka
Bidelagun bezala onartu
Hori saihesten ez neka

-12
Borondaterik onenarekin
hanka sartzeak barkatu
Denon dirua bereganatuz
esku sartzea salatu

Doinua: Kopla handia